Atletismoa

10 urteren ondoren, emakumeak atletismoan trebatzen jarraitzeko prest

Guaixe 2021ko ira. 20a, 08:30

Bi emakume Dantzalekun entrenatzen.

Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolak 10 urte bete ditu. Aurtengo denboraldia irailaren 24an hasiko da eta izena ematea zabalik dago

Beste urte bat gehiago, eta data borobila beteko du Sakanako Mankomunitateak, hainbat entitateren laguntzarekin –Nafarroako Gobernua, Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzua eta Emakumearen Bilgunea, Iñigo Aritza ikastola eta Dantzaleku Sakana Atletismo Taldea– antolatutako Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolak. Hain zuzen ere 10 urte. Eskari bati erantzuna emanez sortu zen eskola, emakume batzuk korrika ikasteko teknikak ikasi nahi zituztelako, eta, aldi berean, emakumeak elkartzeko beharra ikusten zutelako, gero ezagunak egin eta korrika egitera edo lasterketetara batera joateko. 

Ordutik, Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolak ez du huts egin. Hasieran hastapen ikastaroa egiten zen bakarrik, hau da, atletismoa zerotik hasita, baina urteak aurrera egin ahala, bi talde sortu ziren: hastapen ikastaroa, hau da, hasiberriena, eta hobekuntza ikastaroa, esperientzia zuten korrikalarien taldea, teknikan sakondu nahi zutenena. 

Mank-eko Kirol Zerbitzuak Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolan egiten den lana “oso positiboki” baloratzen du. Eskola hasi bezain pronto, bertara joaten ziren hainbat emakumek taldetxoa osatu eta hainbat korrika lasterketetara elkarrekin joaten hasi ziren. Eta urtero aurpegi berriak gehitu dira eskolara. Horrela, ostiral arratsaldeetan Dantzalekun emakumeak korrika ikustea ohikoa bilakatu da. 

Monitore berria, Maalen Beraza
Aurten monitore berria izango du Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolak, Maalen Beraza Etxarri. Irintarrak kirol munduan esperientzia handia du, eta bere esanetara ariko dira eskolan izena ematen duten 18 urtetik gorako emakumeek, Altsasuko Dantzalekuko Atletismo Pistan. Ikasturtea irailaren 24an hasiko da, ostiralarekin, eta maiatzaren 20an despedituko da. Ordutegiari dagokionez, ostiralero izanen da eskola, 17:00etatik 18:00etara. 

Izena ematea zabalik dago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus), irailaren 21era arte. Prezioa 50 eurokoa da.