Altsasuko Mendigoizaleak taldea ez dago geldirik. Ohiko irteeraz gain, beste hainbat saltsetan murgilduta ibili dira bere kideak. Tartean, Altsasun zehar dauden 4 ibilbide edo xenda jasotzeko lanetan eta Hiru Mendizerrak, klubak antolatzen duen mendi martxa Sakanako Trail Estazioaren barruan jasotzeko beharretan ibili dira mendi klubeko kideak. Jakina denez, uztailean aurkeztu zuten Sakana Trail Estazioa. Trail edo mendi korrikalariei begira Sakanan barna markatutako bost ibilbide dira, eta tartean dago Hiru Mendi Zerrak Estazioa (46,5 km, 2.138 m desnibela), Altsasuko Foru plazatik abiatzen dena. Sakana Trail Estazioa Euskal Herriko Trail Estazioan sartuta dagoenez, eta azken hau Station de Trail nazioarteko sarearen parte denez, bultzada handia du. Ibilbide guztiak, baita Hiru Mendi Zerrak ere, markatuta daude, informazio panelak daude eta telefono mugikorrendako “Station de Trail” izeneko APPa deskargatuta, ibilbidearen tracka lortu daiteke.
Aipatu lan horiek gutxi ez, eta Jesus Ginea taldekideak azaldu duenez “saltsero hutsak” direnez, beste lan bat egin dute Altsasuko Mendigoizaleak taldeko hainbat kidek: Basaluze dorreko maketa ederra.
Basaluze dorrea
Jakina denez, Basaluze dorrea telegrafo optikoko dorrea zen. Nafarroako Gobernuak Ondasun Inbentariatu gisa deklaratu du, eta Nafarroan kokaturiko hiruen artean –hirurek telegrafia optikoaren linea osatzen zuten, Gaztelako linea, Madril eta Irun lotzen zituena– zutik dirauen bakarra da. Nafarroako beste bi lineak, Ziordiakoa eta Altsasuko Engarakoa ziren. Altsasuko Basaluze dorrea 1844tik 1846ra bitartean eraiki zuten, eta linea 1846an mustu eta 1855ean utzi zitzaion erabiltzeari. Berriki zaharberritze lanak egin ditu Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak, 250.527,53 euroko inbertsioa, eta dorreko giltzak abenduaren 15ean jaso zituen Altsasuko alkate Javier Ollok.
Erakusketa, Gure Etxean
Bada, Basaluze dorrearen maketa ederra egin dute Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kideek, Gure Etxean ikusgai jarriko dutena, irailaren 19tik 23ra. Maketa erakustearekin batera, Hiru Mendizerrak Traila eta Altsasun zehar egin daitezkeen lau ibilbide edo xenda –Bargagaingo Gurutzea edo Tontorraundi, Balankaleku, Dorre Txiki eta Dantzaleku-San Pedro– aurkeztuko dituzte. Erakusketaren mustutzea larunbatean izanen da, irailaren 18an, 12:00etan.