Altsasuko musika eszena berria

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ira. 20a, 13:04

Haizkan taldeak Sukarrafest jaialdia mustu zuen.

Sukarrafest jaialdiaren lehenengo edizioak Altsasuko eta Sakanako sei talde bilduko ditu: Haizkan, Atzapar Rock, Daeshtxarge, Xuar, Deserrite eta Dentera. Iortia zabalgunea da kontzertuen gunea.

Ostiralean zen eguna. Sukarrafest Altsasuko musika jaialdiaren lehenengoa izan zen, Iortia zabalgunean. Bertako taldeekin "zerbait egiteko" ideia aspaldikoa dela azaldu dute Haritz Mendikute eta Iñaki Gasko musikariek eta jaialdiko antolakuntzako kideek, baina "hainbat arrazoiengatik" ezin izan dute egin. Gaurko egunera arte. Sai taldek parte hartuko dute: aurreko ostiralean Haizkan, Atzapar Rock eta Daeshtxarge taldeek mustu zuten jaialdia, eta ostiralean, irailaren 24an, Xuar, Deserrite eta Dentera taldeak ariko dira. Talde bakoitzak ordu bateko emanaldia eskainiko du. Eguraldi txarra eginez gero, kontzertuak atzeratuko dira.

"Urte gehiegi pasa dira Altsasun eta Sakanan musikaren urrezko aroa pasa zela". Garai horretan Altsasuko Gaztetxera "talde oso famatuak" etortzen zirela astero azaldu dute: Cicatriz, SA, ToyDolls, Eskorbuto eta abar. Sakanan musika berpiztea da jaialdiaren helburua, antolatzaileen esanetan. "Talde berri eta ezezagunei jotzeko aukera emanez, eta talde txikiei aukera gehiago emanez". Gaur egun "ezerezetik" ateratzea eta jotzen hastea "oso zaila" dela esan dute.

Altsasutik Altsasurako egiten den lehenengo musika jaialdia da. Sukarrafest-en parte hartzeko baldintza bakarra Altsasuko taldeak izatea edo herriarekin erlazionatutakoak izatea da. Hau da, taldekideren bat Altsasukoa izatea.

Lehenengo edizioa
Musika panorama astintzeko asmoz, beraz, martxan jarri ziren. Lehenengo urratsa udalaren baimena lortzea zen, "eta eskerrak eman nahi dizkiogu udalari eta Javier Ollo alkateari arazorik gabe oniritzia emateagatik". Udalak kontzertuak aurrera egiteko soinu ekipo guztia alokatuko du. Baimena eskuetan zutela, data eta lekua adostu behar zuten. "Udalarekin hitz egitean adostu genuen ideia ona izango zela Iortia zabalgunean dagoeneko dagoen eszenatokia baliatzea". Datari dagokionez, "pandemia dela eta bagenekien festetan egitea ezinezkoa izango zela. Egokiena iraileko azken bi ostiraletan egitea zela adostu genuen".

Aurtengoa lehenengo edizioa izango da, baina urtero egiteko intentzioarekin jaio da: "Geroz eta jaialdi handiagoa egiteko asmoa dugu". Jaialdiaren helburu nagusia musika eta kultura "berpiztea" denez, Altsasuko "beste jai egun" garrantzitsu bat bihurtzea nahi dute.

"Urduri ez da hitza, baina gogo eta ilusio asko jarri ditugu jaialdi honetan. Beraz, ezinegonean gaude". Jendearen parte hartzea eta hartu-emana zein den ikusteko gogotsu daude, baita etorkizunerako edizioetarako dirua biltzeko moduak bilatzen ere.

Taldeak
Haizkan taldeak eman zion hasiera Sukarrafest-i. Euken Perez bateria joleak, Haritz Goikoetxea baxu joleak eta Gaizka Lanas gitarra joleak eta abeslariek osatzen dute taldea, eta bere lehenengo kontzertua Urdiaingo festa txikietan izan zen, abuztuan. "Hasiera batean Gaizka eta Haritz elkartu ginen. Gogotsu geunden biak, baina egia esan besterik ez genuen". Gaizkak ez zekien gitarra ondo jotzen, eta ekipoa ere ez zen ona. Lehenengo entsegua "desastre hutsa" izan zela aitortu dute. Ondoren, Euken sartu zen, eta berak zituen "gogo handiekin" aurrera egin zuten.

Haizkan Urdiaingo euskalkiaren hitz bat da: Haizeak hartzera edo dena pikutara bidaltzea esan nahi du. "Batzuek pentsatu dute gure izenen arteko nahasketa bat zela, baina ez da hori". Ez dute oso argi taldearen musika estiloa zein den, "baina rock gogortzat deskribatu genezake". Hasiberriak dira, eta momentuz haien helburua "abestiak jotzea" da. Abestiak sortzen ari dira, "baina errepertorioan ez dira nahikoak kontzertu oso bat egiteko".

Atzapar Rock taldeak ibilbide luzea egin du dagoeneko, eta formazio berriarekin bigarren emanaldia eskainiko du jaialdian: Sarabe Begiristain abeslaria, Ekhi Erauskin gitarra jolea, Luken Goikoetxea baxu jolea eta ahotsa eta Aitzol Gantzarain bateria jolea. Taldea 2016. urtean sortu zuten Anderrek eta Asierrek, dagoeneko taldean ez dauden bi musikarik. Hainbat musika genero nahasten dituzte, baina gehienbat hard rock, punk rock eta metala jotzen dute. Abesti gehienak taldearenak dira, eta bertsio pare bat ere jotzen dute.

Eszenatokira lehenengo aldiz aterako da Daeshtxarge taldea. Joseba gitarra jolea da, Mel abeslaria, Hodei baxu jolea eta Iñaki bateria jolea. Taldearen izena Daeshen kargatik dator, hau da, Isis estatu islamikotik, eta letra politiko "brutalak" dituzte. D-Beat estiloa jotzen dute, "hadcorepunka, soinu zorrotz eta distortsionatuarekin". Abestiak taldearenak dira.

Bigarren eguna
Pandemia hasi zenean eman behar zuen Xuar taldeak bere debut kontzertua. Baina urte eta erdi itxoin behar izan zuen, eta uztailean egin zuten bere lehenengo kontzertua, Lakuntzan. Aritz Mendikute eta Asier Palomino gitarra joleek, Hodei Unamuno baxu joleak, Mikel Etxabarri bateria joleak eta Mikel Flores abeslariak osatzen dute taldea eta taldearen izena Shuar tributik dator. "Tzantzak edo txikitutako buruak egiteagatik dira ezagunak".

"Taldekide guztiok duela urte asko ezagutzen genuen elkar, eta beti jo dugu elkarrekin". Hainbat estilotan murgildu dira, eta azkenean hardcore metalarekin geratu dira. "Baina groove, un, death, melodic, progresive eta trash metal influentzekin". Bederatzi abesti sortu dituzte, eta laster EP bat aterako dute lehenengo lau abestiekin. Kontzertuan hiru bertsio ere joko dituzte. "Xuar taldea Altsasun ezagutaraztea eta jende guztiari gure ahalmena erakustea da". Haiekin giro ona ziurtatuta dagoela esan dute, "jendearen adrenalina aterako dugu".

Deserrite taldearen debuta jaialdian izan behar zuen. Baina "egia esan, festetan ezin izan genien jotzeko gogoei heldu, katxarroak hartu genituen, kalera atera, eta kontzertu txiki bat eman genuen". Dena dela, eszenatoki batean lehenengo aldiz Sukarrafest-en ariko da. Jesus Papol abeslaria da, Gaizka Okaña gitarra jolea da, Hodei Alegre bateria jolea, Haritz Goikoetxea baxu jolea eta Iñaki Gasco gitarra jolea da. Okañak, Goikoetxeak eta Gascok koroak ere egiten dituzte.

Taldea "oso gutxika" sortu zela azaldu dute. Hasieran Gaizka, Hodei eta Iñaki biltzen ziren, eta ondoren Palopi ahotsa izateko esan zioten. "Baxu gogor bat" bilatzen ari ziren eta Haritz "oso ongi aritzen" zela esan zieten. "Lehenengo entsegutik taldeak behar zuen baxu jolea zela jakin genuen". Entseguetan musikarien artean "kimika izugarria" sortu zen.

Taldearen izena Manuel de Larramendiren Hiztegi hirukoitzean azaldu zen neologismoa izan zen eta erbestea esan nahi du. "Oso izen aproposa iruditu zitzaigun gaur egun rock and rolla erbesteratuta bezala dagoelako". Hortaz, ongi etorria da deserritera lema erabiltzen dute. Rock and roll gogorra egiten dute.

Dentera esperientzia handiko taldea da; bi hamarkada bete ditu musikaren munduan. Taldekide bakoitzak eragin desberdinak ditu, baina metal eta punk estiloan oinarritzen dira. Hiru disko grabatu dituzte, eta jaialdian formazio berriarekin ariko dira: Angel eta Otxoa gitarra joleak izango dira, Emilio abeslaria, Jon Calvo baxu jolea eta Haitz danborrak astintzen egongo da.