"Nire lehendabiziko Mundiala da, eta dena ematera nator" dio Nahia Imazek

Guaixe 2021ko ira. 21a, 11:00

Nahia Imazek Munduko Txapelketako junior mailako emakumezkoen erlojupekoan parte hartuko du gaur, asteartea

Gaur, asteartea junior mailako emakumezkoen Mundu Txapelketako erlojupekoan lehiatuko da Nahia Imaz Perez altsasuarra. Ermitagaña Nafarroa taldeko txirrindularia Espainiako selekzioarekin ariko da, eta bere lehen Mundialetan aritzeko irrikan dagoela azaldu du selekzioa kontzentratuta dagoen egoitzatik. 

“Nire lehendabiziko Mundiala da eta ilusio handia dut. Oso gogotsu nago, guztia emateko prest. Zirkuitua oso laua da, eta nik uste dut hori ongi etorriko zaidala. Bihurgune asko ez dituenez, ongi datorkit eta uste dut erlojupeko ona egin ahal dudala” adierazi du txirrindulari altsasuarrak, Flandiatik. Bertan ari dira jokatzen Mundialak, igandera arte luzatuko direnak. 

Gaurko erlojupekoan parte hartu ondoren, irailaren 25ean, larunbatarekin, junior mailako emakumeen lineako lasterketan parte hartuko du Nahia Imazek, Espainiako selekzioko gainontzeko kideekin:  Laia Puigdefábregas, Lucia Ruiz eta Naroa Fernandez.