Flandesen jokatzen ari dira Munduko Txirrindularitza Txapelketak eta atzo junior mailako emakumezkoen erlojupekoa jokatu zen. Nahia Imaz Perez altsasuarra bertan lehiatu zen, eta irteera hartzen lehena izan zen. Behetik gora egin zuen eta 28:18 minutuko denboran gelditu zuen kronoa, 27. postuan. Erlojupekoa despeditu zuten 55 emakumezkoen artean 27. postuan sailkatu zen altsasuarra, eta bere taldekide Laia Puigdefábregas 20. postuan sailkatu zen (28:05). Alena Ivantxenko errusiarra izan zen munduko txapelduna (25:05).
Imazek aitortu zuen “errespetuarekin” ekin ziola erlojupekoari. “Beldur pixka batekin atera naiz, egia esan, eta lehen bihurguneak ez ditut behar bezala hartu; gero, ibilaldian aurrera egin ahala konfiantza hartu dut eta bukaera aldera indartsu ibili naiz. Egindakoarekin kontentu nago” azaldu du txirrindulari altsasuarrak.
Larunbatean, lineako lasterketa
Nahia Imazek debut polita egin du Mundialetan baina ez du bere lana oraindik bukatu. Larunbatean, junior mailako lineako lasterketan parte hartuko du, Espainiako selekzioko gainontzeko kideekin batera: Laia Puigdefábregas, Lucia Ruiz eta Naroa Fernandez.
Igandean, Erbiti eta Gorka Izagirre lanera
Igandean jokatuko da gizonezkoen elite mailako Mundu Txapelketako lineako lasterketa eta Pascual Monpalier Espainiako selekzioko hautatzailearen konfiantzako gizonak izango dira Imanol Erbiti (Movistar Team) eta Gorka Izagirre (Astana). Alex Aranburu (Astana) eta Ivan Garcia Cortina (Movistar Team) talde buruak laguntzea izango da euren lana, eta haiekin batera Carlos Rodriguezek (Ineos), Gonzalo Serranok (Movistar), Roger Adriák (Kern Pharma) eta Antonio Jesus Sotok (Euskaltel-Euskadi) ostuko dute taldea. Beraz, Kern Pharmako kirol zuzendari Pablo Urtasun eta Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari Jorge Azanzak kontentu egoteko beste arrazoi bat badute.