Jainkoan eta bere Mahoma profetan sinisten dute, “baina Cheik Ahmadou Bamba (1853-1927) muridismoaren gidaria da gu gidatzen gaituena”. Muridismoa islamiar ordena sufia da, Senegalen eta Ganbian zabaldua dagoena. 1883an sortu zen eta egoitza nagusia Touban du (muridismoaren hiri saindua eta urteroko erromesaldian jendetza hartzen duena). Muridismoan eragin handia du Afrikako kulturak eta, bereziki, wolof herriarenak.
Musulmanen safar hilabetearen 18an (islamaren egutegiko bigarren hilabetea) ospatzen da Magal handia festa (irailaren 26a). Baina Sakanako senegaldarrak sorterrian ez daudenez, ezin izanen dutenez ospatu, bilkura egin zuten hilaren 18an. Altsasuko udaletxe parean egon ziren kantuan, gidariaren argazkiak eskutan zituztela. Bilkura Touba Sakana elkarteak deitu zuen, senegaldar sakandarrek duela bost urte sortu zutena. Faluk jakinarazi duenez, 2019an ospatu zuten festa estreinakoz ibarrean. Baina pandemiagatik azken bi urteetan ezin izan dute egin. “Heldu den urtean, guztia lasai dagoela, ospakizuna ahalik eta handiena izatea ahaleginduko gara, jendeak ezagut gaitzan” esan digu Faluk.
Senegalen egun horrekin “hashidek eta ikrula Korana irakurtzen dute. Jatekoa ematen zaio mundu guztiari. Eta barkamena eskatzen da” azaldu du Faluk. Ospakizunetan beti kantariak presente izaten direla azaldu du. Horregatik, Altsasun bildutakoak kantari aritu ziren. Aurten bakoitzak bere etxean ospatuko du.