Astekaria

"Maketarekin Basaluzen egiten zen lana erakutsi nahi izan dugu"

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 28a, 14:56

Cristobal Lanz, Alberto Guzman, Jesus Guinea, Andres Bengoetxea eta Txuma Morcillo.

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak sustatuta, altsasuar talde batek Basaluze dorrearen maketa ikusgarria egin du, Gure Etxean arrakasta handiz ikusgai izan dutena

Igandean itxi zituen ateak Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Gure Etxean antolatutako erakusketak. Bertan aurkeztu zituzten Hiru Mendi Zerrak Trail Estazioa, Altsasun zehar egin daitezkeen bost ibilbide edo xenda homologatzeko egitasmoa eta Basaluze dorreko maketa zoragarria. Erakusketa aurreko ostegunean zen ixtekoa, baina izan zuen arrakasta ikusita, igandera arte luzatu zuten. 

1. Nondik sortu zen Basaluzeko maketa egiteko ideia?
Altsasun ez dago homologatutako xendarik. 2020an Altsasuko Mendigoizaleak klubeko kideak Altsasuko udal ordezkariekin bildu ginen, eta Altsasun homologatutako 5 ibilbide edo xenda (Bargagain edo Tontorraundi, Balankaleku, Ameztia-Orobe, Dorre Txiki eta Dantzaleku-San Pedro) egitea proposatu genuen, eta lanbide horretan gaude. Lehen ibilbidea, Bargagain, Basaluzeko dorretik pasatzen da. Hain zuzen ere, dorrea berritzeko lanak egin ditu Nafarroako Gobernuak, eta bileretako batean alkateak mahai gainean jarri zuen gaia: Basaluzeko dorrea berrituta dago, eta orain zer? Zer egingo dugu Basaluzerekin? Eta orduan pentsatu genuen: baina altsasuarrek badakite zer zen Basaluze? Zein lan egiten zen gazteluan?

2. Hortaz, Basaluze zer zen erakusteko egin duzue maketa.
Bai. Basaluze komunikazio dorre bat zen, telefrafo optikoko dorrea. 1844tik eta 1846ra bitartean eraiki zuten, eta Madril eta Irun lotzen zituen telegrafo optikoko dorreetako bat zen, Nafarroan zeuden hiru dorreetatik geratzen den bakarra. Beste biak Sakanan zeuden, Ziordian eta Altsasuko Engaran, Dorre Txiki, baina azken biak ez daude zutik. Basaluzek 1855era bitartean lan egin zuen, eta nola funtzionatzen zuen eta nolakoa zen erakusteko maketa bat egitea erabaki genuen. 

3. Nolakoa zen Basaluze?
Gaur egun soilik dorrea ikus daiteke, baina dorre honek lehen telegrafoaren mekanismo guztia zuen gainean. Orduan 4 familia bizi ziren, edo hobeto esanda, 4 pertsona. Euren bikotekideak bertara joaten ziren, bazkaria eta etxeko lanak egitera, baina gero euren etxeetara itzultzen ziren. Behean biltegi antzeko bat zuen dorreak, eta bertan oiloak, abereak eta beste zituzten. Erdiko pisuan euren bizitokia zegoen eta goiko partean telegrafo optikoaren mekanizatu guztia zegoen, eurek lan egiten zuten tokia, hain zuzen ere.  

4. Telegrafo optikoaren bidez mezuak zabaltzen ziren, ezta? 
Bai. Madriletik zenbait linea ateratzen ziren: bata Irunera, bestea Junquerara, hirugarren bat Algecirasera… Linea bakoitzean 20 kilometroka, gehienez, telegrafo dorre bat jartzen zen. Izan ere, telegrafo optikoa zen; hau da, dorre batetik bestera ikusi beharra zuten, kataloxekin. Madril eta Irun lotzen zituen lineak 55 telegrafo zituen eta Basaluzekoa 41. dorrea zen. Mezkiatik (Araba) seinalea Ziordira bidaltzen zuten, bertatik Basaluzera, eta gero, gure orografiari jarraituz C antzeko bat egiten zuen bideak, hurrengo dorrea Eguberako Dorre Txiki baitzen eta hurrena Idiazabalen baitzegoen. Orografiagatik eremu oso txikian dorre kontzentrazio gehiena zuen Sakanak.

5. Mezuak kodifikatuta zeuden?
Mezu motzak ziren, aurretik definitutakoak. Finean, zenbaki bat zen bidaltzen zena. Dorreak 12 posizio zituen: 0, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9 zenbakiak eta bi letra, X eta M. Bertikalki igotzen zituzten letrak. Bi bola antzekoak ziren, igotzen eta jaisten zirenak eta aukeratutako letrak edo posizioak  mugitzen zituztenak. Maketan funtzionamendua ongi ikusten da. Eta horrela, mezua bidaltzen zuten. Esaterako: “553”. Zenbaki horrek esanahi konkreturen bat izango zuen, Madrilen eta Irunen jakingo zutena. Dorreetako langileek ez zuten jakiten zein zen esanahia. Bi langile zeuden uneoro lanean: bata katalexuekin zegoen, aurreko dorrean zer idazten zen begira, eta besteak letren posizioak idazten zituen.

6. Zer nolako mezuak ziren trukatzen zirenak, militarrak?
Mota guztietako mezuak ziren, militarrak eta zibilak. Madril eta Irungo linea Donostiako Maté ingeniari militar ezagunak eraiki zuen. Beraz, alde militarra bazuen. 

7. Komunikazio sistema azkarra zen?
Datu bitxi gisa, behin Irundik goizeko 6:00etan bidali zuten mezu bat, eta Madrilera 16:00etan iritsi zen. Garaian oso sistema azkarra zen. 

8. Maketa egiteko orduan zein pausu jarraitu dituzue?
Lehenik eta behin dokumentazio lana egin genuen. Aranda de Dueron elkarte bat dago; estatu espainiarreko ia dorre guztien inguruko informazioa dute jasoa eta euren webgunetik zenbait plano eta datu lortu genituen. Basaluze nolakoa den badakigunez, guk interpretazio bat egin dugu. Erakusketan ere dorrea nolakoa zen, planoak, argazkiak eta beste jarri genituen ikusgai. Bestalde, Alberto Guzmanengana jo genuen; berak maketak egitea oso gustuko du, eta baiezkoa eman zigun berehala. Guzmanek dorrearen maketa egin du, zurez. Gero, guk (Andres eta Jesus) dorrearen goiko partea egin genuen, eta, azkenik, Cristobal Lanzek lan mekanikoa egin zuen; hau da, piñoiak eta kateak jarri eta mekanizazio prozesu guztia. Bukatzeko, elementu guztiak batu genituen eta azkeneko ukituak egin genituen: margotu, argiak jarri, elementuak gehitu eta beste. 

9. Prozesu luzea izan da?
Ez pentsa, hiruzpalau hilabeteko kontua izan da. Uste baino lehenago bukatu genuen maketa. 

10. Zer esan dizuete maketa ikustera Gure Etxeatik pasatu direnak?
Jendeari asko gustatu zaio, egia esan. Guk uste baino jende askoz ere gehiago hurbildu da, eta erakusketa luzatu egin behar izan genuen, asteburura. Gu ere pozik geratu gara egindako lanarekin, baina garrantzitsuena da orain jendeak ulertu duela zer zen Basaluze eta zein lan egiten zen bertan. Askok “Gaztelua” deitzen diote Basaluzeri, defentsa gaztelua bailitzan; defentsa kutsua bazuen, baina Basaluze, berez, komunikazio dorrea zen. Eta maketak argi asko erakusten du hori; jende askok esan digu maketari esker ulertu duela zer zen Basaluze. Hor atzean historia polita dago. 

11. Basaluze berritu dute, maketa egina dago… Eta, orain zer?
Basaluzeri bizitza eman nahi zaio, interesa badago, eta zein erabilpen eman aztergai dago. Aurki Altsasuko Udala Sakana Lanbide Heziketa Institutuarekin biltzekoa da, Basaluzen elkarlanean proiektu bat egitea proposatze aldera; esaterako, ikasleek orduko teknologia eta egungo teknologia batuaz, Basaluze nolabait martxan jarri ahal dute, erabilpen bat eman. Bestalde, garai bateko dorrea nolakoa zen irudikatzeko errepresentazio bat egin daiteke, edo bisitak egin… dena dago aztertzeko.