Haurren gehiegizko pisuaren kontrako aliantza

Guaixe 2021ko ira. 29a, 14:07

Txiki eta heldu azokan. ARTXIBOA

‘Bizimodu osasuntsua erakustea’ haur eta gaztetxoei. Hori da Altsasuko osasun etxeko pediatria sailak eta Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuak elkarrekin duten proiektuaren helburua. Pandemiak eragin duen ariketa fisikoaren falta edo gutxitzearen ondorioz, programak berebiziko garrantzia hartu du. Irailean izen ematea zabalik dago.

Osasunaren Mundu Erakundeak gehiegizko pisua duten haurren egoeraz gaztigatu zuen aspaldi. Altsasuko osasun etxeko pediatra Sandra Gurutxarri Pellejerok eta pediatriako erizain Mª Jesus Azkaratek kontsultetan gero eta obesitate arazo gehiago atzeman zituzten. Horregatik, Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren, arazoari elkarrekin aurre egiteko. Pediatriako profesionalek proposatu zuten egitasmoa sortzea hiru helbururekin: jarduera fisikoarekiko atxikimendua sortzea, elikatzeko jarraibide egokiak eta gurasoen inplikazioa helburuak lortzeko.

Horiek guztiak kontutan hartuta, “jarduera fisiko ludiko bat antolatu da, fisikoki eta mentalki parte-hartzaileendako egokia dena. Jarduera horren edukiak, nagusiki, lehiarik gabeko taldeko jolasak eta kirolaren hastapenak izango dira”, azaldu dute Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuko teknikari Sara Salazarrek eta Alfonso Nuñezek.

Bidea
Proiektuak dagoeneko bospasei urte ditu. Salazarrek azaldu duenez, “pediatrak 7 eta 11 urte arteko haurren altuera, pisua, gorputz masaren indizea eta beste baloratzen ditu. Eta, horrekin batera, elikaduraren eta jarduera fisikoaren kontrola gomendatzen duten balioen zerrenda egiten du”. Pediatrian gehiegizko pisua duten familiekin lan egiten dute, dieta osasungarriaren garrantzia azpimarratuz. Hau da, denetarik jan behar dela, fruta eta barazki ugari eta gantz eta azukre gutxiago. 

Baina guztia ez da pediatria kontsultan bukatzen. Nuñezek esan duenez, “funtsezko helburuen artean dago haur eta gaztetxoek jarduera fisikoarekiko atxikimendua sortzea eta haren praktika erregularra egitea”. Horregatik, “jarduera fisiko guztiz ludikoen programa bat dugu, lehiarik gabekoa eta kirolaren hastapenekoa” gaineratu du Nuñezek. Salazarrek azaldu duenez, “jarduera fisikoaren helburu nagusia haurrek esperientzia positiboa izatea da, praktikatzen jarrai dezaten”. Izan ere, handik haurrak kirol eskoletara bideratzea da helburua, beti ere, txikien gustuko kirola kontuan hartuta.  

Haurrekin hasi zen programa (multiekintza), baina haiek koxkortu hala, pediatriako profesionalek ezinbestekoa jo zuten segida ematea, eta gaztetxoen taldea sortu zuten (gazte erronka). 2019/2020 ikasturtean izan zen hori. 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago. “Adin horretan ez dute ezer egin nahi da eta Zelandi kiroldegiko eskaintza haiendako egokitzen dugu”, azaldu du Salazarrek. Programa ez da talde horietara mugatzen, Nuñezek jakinarazi duenez, “zeharka, bizimodu eta elikadura osasungarriari buruzko gaiak herriko kirol eskola guztietan lantzen ditugu taldeekin”. Jarduerak lastailean hasiko dira eta izena emateko Zelandi kiroldegitik pasa beharko dute irailean. Kirol Zerbitzuak antolatutako jarduera, Nafarroako Gobernuak diruz lagundu du.

Multiekintza
7 eta 11 urte artekoen (2010-2014) taldea astelehen eta asteazkenetan entrenatzen da kiroldegian, 17:00etatik 18:00etara. Jarduera aerobikoak egiten dituzte, lehiarik gabeko jokoen bidez. Eta parte hartzaileen interesak eta lehentasunak kontuan hartuta. Saioetan, kirol eskolekin zerikusia duten jarduerak ere egiten dira, programan parte hartzen duten haurrek Altsasuko kirol eskoletako kirolak ezagutu ditzaten.

Gazte erronka 
12 eta 15 urtekoei (2006-2009) zuzenduta dago eta entrenamenduak Zelandi pilotalekuan egingo dira astelehen eta asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara. Saioen edukiak askotarikoak izanen dira, jarduera erakargarria izan dadin: entrenamendu funtzionaleko saioak, indar orokorreko zirkuituak autokargarekin, body pump, body combact haurrendako (ariketak musikaren erritmoan), kirol alternatiboak (ibilaldiak, bizikletak) eta igerileku estalian uretako jarduerak egiteko (jolasak, igeriketa, acuagym).