Udalaren lehentasunak: hirigintza plana eta estalpea

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 30a, 12:58

Altsasuko udaletxearen atzeko aldea Iortiako teilatutik.

Ikasturte honetan Altsasuko Udalak hirigintza planean aurrera pausoak ematea du helburu. Horrekin batera, toki publiko batean estalpe bat jartzeko aurten ideia zehaztu nahi du udalak, heldu den urtean haren proiektua idatzi eta lanak egiteko.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezi ikasturteko lehentasunez galdetuta, azaldu duenez,  "legegintza honetan eta hurrengoan udalak lan egin beharko du hirigintza plan berrian. Dagoeneko lehen faseak egin ditugu eta hurrengoa hirigintza planaren fase garrantzitsuena da, udal hirigintza plana deitzen dena. Etxebizitzak egiteko eskaera handia bada, Altsasu norantz handitu nahi dugun zehaztu behar da. Zer sistemaren bitartez. Eta industria ezartzeko zein toki aurreikusten dugun". 

Alkateak gaztigatu duenez, "Altsasuk arazo handia du, industriaguneak ditugu, baina edozein enpresa etorri eta ezartzeko ez du industria lurrik". Planaren hurrengo fasean orain arte zirriborratutakoa zehatz jaso behar da. Orain arte etxebizitzetarako Arkangoa eta Mendizabalazpi aurreikusiak daude. Eta industrialderako Kapitansoro dermioa. Ollok azaldu duenez, "orain dugun planak izugarrizko arazoak sortu ditu bai udalean baita altsasuar ugariri. Beste momentu batean onartu zen, 2002an. Eta ez gaude egoera hartan". 

Horrekin batera, Ollok beste lehentasun bat nabarmendu du, estalpea. "Espero dut, eta gure helburua da heldu den urtean, behingoz, Altsasuk estalpean egoteko espazio publiko bat izatea". Alkateak gaztigatu duenez, "aurten ideia lehiaketa egin nahi dugu. Horren eta parte hartze prozesu baten bitartez, ideia izanda, heldu den urtean proiektua eta inbertsioa egin nahi ditugu". Alkateak azaldu duenez, "horretarako espero dugu, eta lanean gaude, dirulaguntza izatea". 

Inbertsioak 
Urtea bukatu bitartean hainbat inbertsio eginen ditu Altsasuko Udalak. Alkateak azpimarratu  dituenen artean daude, alde batetik, Gartzia Ximenez kalean (Zubeztia kaleko bidegurutzetik udaletxe pareko lorategi pareraino) espaloia eta kalea altuera berean jarriko duen lana, ondorioz ibilgailuek eta oinezkoek espazioa partekatuko dute. "Alde Zaharra eta erdigunea lotzea da helburua. Baita dendariei bultzada txiki bat ematea ere. Lehen denden gunea Gartzia Ximenez kalea bazen, orain ia gabe gelditu da eta gaur egun dendak, batez ere, erdigunean daude. Kale tarte horri bultzada eman nahi diogu ere". Etorkizunean eragina izanen du lan horrek. Segur aski asteburuetan kale tarte hori oinezkoendako izanen da bakarrik" azaldu du alkateak. 

Bestetik, Ollok nabarmendu du Ibarrea industrialdeko ur zikinak jasotzeko sarea egiteko lanak aurten despedituko dituztela. Lanen hirugarren fasea da eta aurreko bietan jarritako hodiak lotzean datza. Horretarako, trenbide azpitik pasarazi beharko dute hodia. "Oso obra konplexua da" gaineratu du Ollok. Ibarreako sareko lanen lehen fasea 2019an egin zen eta eraikinetako hustubideak industrialdeko kale nagusiko sarearekin lotu ziren. Joan den urtean egin zen bigarren fasean Ibarmusu auzoko hondakin urak jasotzeko eta haiek Geltoki auzoko hodi nagusira eramateko lanak egin ziren. Bestetik, gogorarazi du Zelandi eskola publikoko patioan euri urak egoki hartzeko lanak aurki despedituko direla. 

Udaletxea 
Udalak bere artxiboari espazio egokia eman nahi dio udaletxean. "Momentu honetan duguna azken pisuan dago. Nahiz eta gaur egun guztia informatizatuta egon eta hainbeste paper ez sortu, ia ez dago tokirik. Artxibo berria behar dugu, eta beheko pisuan egon behar du. Atzeko partetik handituko genuke udaletxea eta bertan artxiboa jarriko genuke. Eta inbertsioa udaletxeari buelta bat emateko baliatuko genuke" esan du alkateak. 

Azken horren inguruan Ollok azaldu duenez, "eraikinean puntu asko daude momentu honetan inongo erabilerarik ez dutenak. Talde politikoen bulegoen inguruan hausnarketa egin beharko dugu, non jarri. Azkenean ez dira hainbeste erabiltzen". Alkateari gustatuko litzaioke artxiboa dagoen tokian talde politikoen bulegoak egotea eta haien tokian beste zerbitzu batzuk jartzea. Azaldu duenez, artxiboarekin udaletxea atzeraka handitzen bada ere, gero eraikina goraka jasotzeko aukeraz galdetuta, alkateak esan duenez, "momentuz, honetan ez da gure ideia".  Ollok gogorarazi du aurretik komunak berritu, igogailua jarri eta teilatua berritu dituztela. 

Ospakizunez
Bigarren urtez jarraian Altsasuko Udalak bertan behera utzi zituen festak COVID-19agatik. Festak beharko luketen garaian "herri guztietan bezala, neurriak bete eta bete ez dituzten pertsonak daude. Adin guztietako pertsonak, askotan fokua gazteengan jartzen baitugu bakarrik. Neurriak ez betetzearen ondorioak ez izatea espero dezagun". Alkateak gaineratu duenez, "niri gustatu ez zaizkidan portaera oso txarrak egon dira. Esaterako, Gure Etxea eraikinean sartu eta bertan edanean egotea". 

Alkateak jakinarazi duenez, nahiz eta pandemiak ekarritako osasun arauak aldatu, aurtengo feriak bertan behera utzi dira. Aurreratu duenez, "nekazaritza eta abeltzaintza produktuen azoka egin nahi dugu. Ez da ferien asteburuan izanen, beste batean baizik". Alkatea heldu den urteko ospakizunei begira jarri da: "hor ditugu Santa Ageda eta inauteriak. Espero dugu modu batera edo bestera egitea. Ez dakit lehen bizi genituen bezala izanen den, baina, bai, pixkanaka bestelako modu batean egitea. Beti ere kintoekin adostuta". Eta gogorarazi du joan den urtean kinto ospakizunak ez zirenez egin urte bat atzeratu zirela.