Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak astelehenean hiru kontratazio espediente onartu zituen. Alde batetik, parke eta lorategietarako funtzio anitzeko makina erosi nahi du, belarra mozteko. Hori erosteko 24.793,38 euro bideratuko ditu udalak. Bestetik, aurrealdean kargatzeko pala kargatzaileak, atzerako hondeamakinarekin erosi nahi du ere udalak 78.244,10 eurorekin. Bi tresneria loteen balioa 103.037,48 eurokoa (BEZ kanpo) da.
Horrekin batera, Altsasuko Udalak Dantzaleku futbol-zelaiko sarbideak kontrolatzeko eta instalazioak zaintzeko sistema bat hornitu eta instalatzeko kontratua itxi nahi du. Horretarako, 24.696,00 euro (BEZ kanpo) jarri ditu. Eta, azkenik, hezkidetza lana indartzeko helburuz, Lehen Hezkuntza ematen duten Altsasuko ikastetxeetan berdintasuna txertatzen laguntzeko programa bat garatu nahi du Altsasuko Udalak. Hura eginen dutenei 9.539,16 euro (BEZ kanpo) ordainduko die. Kontratua gehienez hiru urtez luzatu daiteke eta hala suertatuz gero, luzapen edo aukera guztiak barne, kontratuaren hartzaileak 28.617,47 euro (BEZ kanpo) jasoko lituzke.
Hiru kontratazioak kalitate prezio erlazio hobea duten eskaintzei emanen zaizkie. Eskaintzak egiteko epea lastailaren 13an despedituko da, 23:59an.