Irailaren 18an Bilbao Half Triathlon lasterketa jokatu zen, aldi berean Distantzia Erdiko Espainiako Triatloi Txapelketa eta Espainiako Aquabike Txapelketa zena. Sakana Triatloi Taldeko Jon Iturrioz Sanchez altsasuarra aquabike modalitatean aritu zen, eta seigarren sailkatu zen, bere kategorian (50-54 urte), lehena.
Zer da aquabike?
Triatloiaren modalitate bat da. Triatloiak igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa batzen ditu; duatloiak txirrindularitza eta atletismoa; eta aquatloiak igeriketa eta korrika. Bada, aquabike modalitateak igeriketa eta txirrindularitza hartzen ditu. Hemen ez da oso ohikoa, baina Europan bai. Espainiako Triatloi Federazioak aquabike-a sustatu nahi du, eta aurtengo Erdi Distantziako Espainiako Triatloi Txapelketan, triatloiarekin batera, aquabike modalitatea sartzea erabaki zuen. Horrela, triatloi proba osoa egin beharrean aquabike modalitatean aritzera animatu nintzen, horiek direlako niri hobeto datozkidan kirolak: igeriketa eta txirrindularitza.
Izan ere, igeriketatik zatoz.
Bai, ni beti igerilaria izan naiz, Ordizia Kirol Elkartea Urpekoak taldekoa. Igeriketako modalitate berezi bat egiten nuen: hegats igeriketa. Hau da, hegats edo aleta batekin egiten nuen igeri. Gaztea nintzenetik modalitate horretan goi mailako igerilaria izan nintzen: Espainiako txapelduna izan nintzen askotan, errekorrak egin izan nituen, eta Europako eta Munduko Txapelketetan 15 urte inguru parte hartu nuen. Horiek izan ziren nire kirol bizitzan lortutako lorpen nagusienak. Asko ibili nintzen, 12 urtetatik 40 urtera, 40 urte bete nituenean bukatu baitzen nire igerilari kirol bizitza. 28 urte lehiatzen egoteaz nolabait aspertu nintzen, motibazioaren aldetik batez ere. Horregatik, beste kirol batzuk egiten hasi nintzen. Korrika hasi nintzen, eta maratoi batzuk egin nituen, Donostiakoa tartean, baina korrika ez nintzen guztiz ongi aurkitzen. Duela bospasei urte bizikletan hasi nintzen, errepideko bizikletarekin. Altsasun badago talde bat larunbatero irteerak egiten dituena eta eurekin bat egin nuen. Giro oso ona dago taldean, 40 kide inguru gara eta “Los descamisados” deitzen gara.
Izen hori nondik dator?
Gure arteko txantxa bat da, besterik gabe (kar, kar...). Izen hori duen ekipazioa eta arropa daramagu eta larunbat eta igandero ateratzen gara buelta bat ematera. Egia esan, ia egunero ateratzen da norbait. Suhiltzaileen Parkearen ondoan biltzen gara eta handik egiten ditugu irteerak.
Igeriketa elitean ibili den jende askok igeriketa uzten du. Ez dakit aspertzen ote zareten.
Egunero igerilekuan luzeak eta luzeak egitea, bakarrik, laukitxoak kontatzen.... horrek burua asko erretzen du. Bestalde, txikiak direnean jendeari asko erretzen zaiola iruditzen zait. 12-14 urterekin emaitzak lortu behar dira, sekulako egurra, eta 20 urtetik gora askok utzi egiten dute. Hori ez zen nire kasua izan. Nik 40 urterekin Espainiako Hegats Igeriketa Txapelketa irabazi nuen, eta 13 urterekin parte hartu nuen, lehendabizikoz, Espainiako Txapelketa horretan.
Ba al dakizu zenbat aldiz irabazi duzun Espainiako Hegats Igeriketa Txapelketa?
Ez. Horrenbeste urte dira, eta txapelketa bakoitzean hainbeste distantzia daude… Pentsa, txapelketa batean agian 6 domina lortu ditzakezu. 28 urtetan 100 domina baino gehiago izango dira, baina ez dakit zenbat. Niri distantzia luzeagoko txapelketak dagozkit hobe, eta geroz eta helduago, geroz eta distantzia luzeagoak, adinarekin esprinta galtzen baita.
“Kontentu nago, baina neurrian; triatloiaren ondoan aquabike-a bigarren mailako txapelketa bat da”
Eliteko igeriketa utzi eta gero, korrika eta bizikletan hasi zinen, eta gero triatloia iritsi zen.
Bai, triatloian Sakana Triatloi Taldean aritu izan naiz hasieratik. Aurten Half Triatlon Iruñea proba egin nuen maiatzean, distantzia erdiko triatloia: Allozko urtegian 1.900 metroko igerialdia, bizikleta hartu eta Iruñeraino joan (77 km), eta Iruñean 17 kilometroko oinezko lasterketa. Oso proba polita da, Iruñean Gotorlekuan barna ibili ginen, oso gustura. Nire mailan, 50-54 urte artekoan, seigarren edo zazpigarren sailkatu nintzen, hirugarren nafarra (4:24:36). Dena den, korrikako sektorea okerrena da niretzat. Igeriketan edo bizikletan lehenen artean iristen nintzela ikusten nuen, baina korrika denek pasatzen ninduten alde guztietatik. Proba bizikletako sektorean bukatuko balitz, hobeto bukatuko nuela ikusten nuen; eta irailaren 18an jokatu zen Bilbao Half Triathlon txapelketan aquabike txapelketa egongo zela jakin nuenean, pentsatu nuen: “hau da nire aukera”.
Non jokatu zen?
Bilbon, Euskalduna parean, ingurune politean. Dena den, Bilbo ongi jarri dute, baina Nerbioik oraindik garbitasuna behar du. Ura nahiko astuna zegoen. Jantziarekin sartzen zara, igeri egiten duzu eta listo. Pentsatzen hasiz gero agian ez zinateke sartuko. Baina uren aurre analisia egin zuen antolakuntzak, paper bat sinatu genuen, eta aurrera.
Zein distantziakoa zen?
Distantzia erdiko proba zen, eta aldi berean, Espainiako Triatloi Txapelketa. 1.000 triatleta inguruk hartu zuten parte triatloi proban, eta 170 inguru aritu ginen aquabike modalitatean; hau da, probako lehen bi segmentuak egin genituen: 2 km igeriketan eta 85 km inguru txirrindularitzan. Gustura aritu nintzen. 3 ordutan egin nuen proba (3:00:07), eta topera bukatu nuen. Izan ere, triatloian aritzera ohituta nago, eta korrikako zatia kenduta, helmugara iritsita pentsatu nuen: “ia? hau hemen bukatu da?”. Aquabike modalitatean nire mailan, 50-54 urte artekoan, Espainiako txapeldun izan nintzen, eta aquabike absolutuan hamabigarren.
Pozik egongo zara, zure mailan Espainiako txapelduna izatea ez da txantxa.
Beno, bai, baina neurrian. Kontentu nago izandako errendimenduarekin, baina besterik gabe. Izan ere, triatloiaren ondoan aquabike-a bigarren mailako txapelketa bat da. Triatloia gehiago gustatzen zait, hiru kirolak egiten dituzulako. Aquabike-a errazago egin zitzaidan, baita entrenatzeko ere. Izan ere, triatloiaren entrenamenduak zailagoak dira, hiru kirolak kontrolatzea kosta egiten da. Aquabike-a, nolabait esanda, deskafeinatuagoa da, baina badakit triatloian ez dudala horrenbeste aukerarik. Dena den, ez ditut triatloiak baztertu. Aurten, lehen esan dudan bezala, Half Triatlon Iruñea egin nuen, osoa. Hurrengo urtean, 2022an, Half Triatlon Iruñea proba Espainiako Txapelketa izango da, aurten Bilbokoa izan den bezala, eta dagoeneko izena eman dut.
Normalean zenbat entrenatzen duzu?
Kirola egitea gustuko dut, eta ia egunero egiten dut zerbait. Nik, normalean, astero hiru saio korrika, hiru saio igeri, hiru saio bizikletan eta hiru saio gimnasio egiten ditut. Telefono mugikorrean egiten ditudan entrenamendu saioak jasotzen dituen programa bat daukat. Azken hiru astetan, 21 egunetan 26 saio egin ditut (elkarrizketa astelehenean egin zen). Egunero zerbait egiten dut, eta horrela urte guztia. Eta egunero bi kirol egiten saiatzen naiz. Esaterako, gimnasiora joan eta segidan igeri egin, edo bizikletan ibili, trantsizio bat egin eta korrika egin... Astean 12 saio ateratzen ditut.
Entrenamenduak lanarekin eta familiarekin uztartzeko arazorik ba al duzu?
Unibertsitateko irakaslea naiz Donostiako Informatikako Fakultatean eta goizetan lan egiten dut. Beraz, arratsaldeak libre izaten ditut, eta seme-alabak ere koskortu direnez, orain tarte gehiago dut entrenatzeko.
Denboraldi bukaera da eta orain, printzipioz, atseden hartuko duzue. Zer da zuretako atseden hartzea?
(Kar kar...) ba igerilekuetara joan eta 100 luze egin, edo bizikletan buelta bat eman, edo Sara bikotearekin Intsusburura buelta bat ematera joan... Denboraldia bukatu da, baina ikusi dituzu aste honetan mugikorreko programako datuak. Erlaxatu, gure modura erlaxatzen gara.
“28 urtez hegats-igeriketako goi mailan lehiatu nintzen, eta nire kirol lorpen nagusienak igeriketakoak izan dira”
Beraz, zure bizitza kirolari lotuta dago guztiz.
Modu batean edo bestean bai. Etxean ere guztiok egiten dugu kirola. Dena den, kirolari gehienak urtean zehar txapelketa pila batera doaz, baina nik urtean pare bat egiten ditut, gehienbat, entrenatzeko orduan motibazio hori handiagoa izan dadin. Izan ere, lehiatzea baino, niri entrenatzea da gustatzen zaidana, sasoian egotea, gustura sentitzea, Altsasuko taldearekin buelta egitera joatea, hori guztia. Proba bat prestatzen duzunean, maila jakin batean entrenatzen duzu, burua lehiaketan duzulako; baina denboraldia bukatuta, entrenatzera ateratzen zara baina inolako presiorik gabe. Eta hori dut gustuko. Exigentzia aldetik ezberdina da. Lagunekin taldean ateratzen zarenean, hori ez duzu entrenamendu bezala ikusten: lagunekin ateratzea da.
Triatloia ez da gogorregia? Hiru kirolen arteko trantsizio hori ez al da gorputzarendako gehiegikeria bat?
Ez du zertan, triatloian distantzia ezberdinak daude eta bakoitzak ongi dagokiona aukeratu behar du. Eta trantsizioak ere entrenatu egiten dira. Esaten dute triatloiko laugarren kirola hori dela, trantsizioak egitea. Eta trantsizioek badute berea; batzuetan denbora asko galdu egiten duzu trantsiziotan, pedalak direla, zapatillak direla... Distantzia luzeko probetan elikadura ere oso garrantzitsua da. Hori ere entrenatu egin behar da.
“Egunero igerilekuan luzeak eta luzeak egitea, bakarrik, laukitxoak kontatzen.... horrek burua asko erretzen du”
Nola ikusten duzu triatloia Sakanan?
Normalean txapelketetan maila onean aritzen dira hemengo kirolariak. Udan triatloi campusa antolatzen du Sakanako Mankomunitateak eta erantzun ona du. Urte osoko jarraipena izango duen triatloi eskaintzarik edo eskolarik ez dago, eta normalean triatleta horiek ikasturtean igeriketara edo atletismora joaten dira eta udan txirrindularitzara edo triatloi campusera, baina moldatzen dira.
Beraz, datorren urteko helburua gorriz markatu duzu: Half Triatlon Iruñea, aldi berean Espainiako Txapelketa izango dena.
Bai, maiatzean izanen da eta jada izena eman dut. Bestalde, Bilbao Half Triathlon Europako Txapelketa izanen da datorren urtean. Irailean jokatuko da, eta oraindik ez dakit parte hartuko dudan ala ez. Izan ere, nik normalean uztailean despeditzen dut denboraldia, gero familiarekin oporretara joateko. Aurten, Bilbon aritu nintzenez, uda guztia entrenatzen ibili naiz, eta datorren urtean ere hala ibiltzea… ez dakit, ikusiko dut.