Asimilatzeko denbora pixka bat beharko duela esan du Irati Urrestarazu Zubizarreta artistak. Lehenengo aldiz Altsasun, herrian, erakusketa bat mustu du. Aurreko ostiralean izan zen, eta egun "nahiko estresanteak" izan direla aitortu du. Altsasuko kultur zerbitzuak Bilboarteko Albo batera utziz erakusketa Iortia kultur gunean erakustea proposatu zion, baina "Bilboarteko erakusketa areto horren neurrira" egina dago. Te flujo erakusketa, beraz, Iortiaren erakusketa gelaren espaziorako pentsatuta dago. Espazioan zuenarekin "jolastu" du, espazioa bera ulertuz. Instalazioa urriaren 10era arte ikusgai egonen da.
Herrian erakustea "erraza" dela esan du Urrestarazuk. "Etxean zaudelako eta familia giroan zaudelako", baina herrietan arte garaikidea erakustea ere "momentu batzuetan zaila" dela aitortu du. "Asimilatzeko zailagoa delako".
Espazioaren berezitasunak ulertzen saiatzen da. "Askotan molestatzen didaten gauzak ere neureganatzen ditut". Iortiako erakusketan, esaterako, horma korridoreak kentzea erabaki du, eta leihoen atzean ikusten den lorategitxoa "neureganatzea". Salan sartzea. "Bat-batean agertu ziren aurretik ikusten ez ziren su itzaltzeak". Konponbidea aurkitu zuen: "Errekor irudia jarri nuen keinu hori eginez. Gero jendeari komentatzen nion, eta ez zen horretaz konturatzen. Baina ni lasai gelditu naiz".
'Te flujo'
Zer kontatzen du? "Artista gehienoi galdera hori ez zaigu batere gustatzen". Azaldu duenez, garai batean, artea gauzak kontatzeko instrumentu bezala erabiltzen zen, Erdi Aroan erlijiorako, Sobiet Batasunan politikoki, 1970ko hamarkadan… "Baina orain instrumentalizazio horretatik urrunago dago. Artea gauzak kontatzeko tresna moduan erabil daiteke, baina autonomoa ere bada". Pertzeptiotik begiratu behar da, ez arrazoinamendutik.
Te flujo ikusteko, momentu batez, arrazoinamendua alde batera uztea proposatzen du Urrestarazuk. "Lehenengo esperimentatu, bizi, eta gero arrazoinamendua sartzen utzi". Ezin du hitzekin azaldu, "hori delako arteak duena". Arteak gauzak sortzen ditu, eta guztiek ez dute existitzeko arrazoi bat behar.
"Badu zerbait basatiaren eta sentikorraren artean". Bidoiak, plastikoak, erretxinak, urrea, zilarra, kobrea… Eta espazioa. "Bidoiak eskuz apurtu ditut. Hasieran tresnarekin apurtzea pentsatu nuen, baina oso finak ziren eta ez zen eskuhartzea nabaritzen. Lazgarri bezala ikusten dira eta oso polita da". Erretxinarekin ura izan zitekeen zerbait sortu du, "batzuk esan dute akuario bat diruditela". Koloreek estetika berezia ematen die artelanari. "Sentikorra". Kontrasteekin jolasten du. "Erabilerarik gabeko gauzak zerbaitetan bihurtzen ditut". Harreman hori ikustea gustatuko litzaioke.