Emakumezkoen mailako Altsasuk Castejon taldea hartu zuen larunbatean Dantzalekun. Aurreko astean Mulierren kontrako porrota atzean utzi nahi izan zuen talde altsasuarrak, baina atzera ere jardunaldi gogorra izan zen eurendako.
Partida hasi eta berehala, zazpigarren minutuan, Castejon aurreratu zen. Egoera okertzeko, zorigaiztoko jokaldi batean Janire Lopezek ate propioan gola sartu eta bigarren tantoa lortu zuen Castejonek. 19. minutuan iritsi zen Altsasuren gola, Janire Lopezek sartutakoa, aurreko jokaldi malapartatuari buelta eman nahian. 1 eta 2 hurbildu zen Altsasu, baina atsedenaldia baino lehen hirugarrena sartu zuen Castejonek. Bigarren zatian bi taldeak saiatu ziren, baina Castejonek hartu zuen agintea, eta bata bestearen atzetik 5 gol sartu zituen, Altsasukoen ezinaren aurrean.
Emakumezkoen Lehen Maila Autonomikoko lider Irati Igoaren Mulier taldea da (12 puntu), Amigo bigarrenarekin puntutara berdinduta. Altsasu hamargarren tokian dago, punturik gabe. Hurrengo jardunaldiko partida ostiralean jokatuko du Altsasuk, 3 punturekin sailkapenean zortzigarren den Universidad de Navarraren kontra, OPUSeko unibertsitatean, 20:00etan.