Sakanako Pentsiodunen eta Jubilatuen Mugimenduak deituta, joan den astelehenean Iberdrolak Altsasun duen bulegoaren parean kontzentratu ziren pentsio duinen aldeko mugimenduko kideak. Argindar konpainiek haren presioa igotzeko “sartutako lasterketa” salatzeko. Horrela, “gasaren eta argindarraren neurrigabeko prezioak” salatu nahi zituzten.
Iberdrolak eta Endesak joan den urtean 3.000 milioiko etekinak izan zituztela gaztigatu zuten. Aberastasun hori banatu behar dela gaztigatu zuten mugimenduko kideek. Horrekin batera argindar merkatua oligopolioa dela eta energia enpresa gutxiren esku egotearena bukatu beharra dagoela nabarmendu zuten, “haiek prezioak kontrolatzen baitituzte. Eta gobernuak eta Europar Batasuna ez daude horretarako prest prezioak mantendu edo jaisteko.
Gaur, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentratzera deitu du mugimenduak. Handik osasun etxera eramanen dute protesta. “Pandemiarengatik telefono bidezko arreta eskaintzen du gobernuak. Hori ez da normala. Gure beldurra da arreta modu hori betirako gelditzea” Mugimendutik argi utzi dute ez dela langileen kontrako mobilizazioa izanen. “Osasun etxeko langileen lan baldintzak hobetu behar dira”. Murrizketak eten eta plantillak handitzea exijitu zuten. Bestetik osasun profesionalen bajak berehala bete behar direla gaztigatu dute mugimendutik.
Hileko azken bi astelehenetan banketxeen sektoreari erreparatuko die mugimenduak eta haien eskaerak beraien bulegoetara eramanen dituzte. Izan ere, “plantillak murrizten ari dira, aurrez aurreko arreta egokirik ez dago”. Ordutegiak mugatuak direla eta kutxazainean hainbat operazio egin beharraz kexu dira, “adineko pertsonak ez dira on-line moldatzen, ez daude prest edo oso gaizki moldatzen dira”. Gaztigatu dutenez, hilabete honen 18an Sabadell bankuak Altsasun duen bulegoa itxi eta bakar-bakarrik kutxazaina utziko dute erabilgarri. Hilaren 18an, 12:00etan, Zumalakarregi plazatik San Joan kaleko bankuetara joanen dira haietan beraien aldarrikapenen berri emateko. Eta hilaren 25ea Bakea eta Erkuden kaleetan daudenen bulegoen txanda izanen da, orduan udaletxe paretik abiatuta.
Manifestazioa
Adinekoen Nazioarteko Eguna zela eta, mugimenduak deitutako manifestazioan 150 bat pertsona elkartu zituen lastailaren 2an. 1.080 euroko eta 1.200 euroko gutxieneko pentsio eta soldatak aldarrikatu zituzten. Haien eskaerak "justiziazkoak" direla nabarmendu zuten, gaineratuz: "pertsonenganako errespeturik ez badago, ezin daiteke justiziarik egon".
Aurreko legegintzaldian hartutako konpromisoa betetzea exijitu zioten Nafarroako Gobernuari: gutxien kobratzen dutenen pentsioa handitzea. Uxue Barkosen gobernuak gutxien kobratzen dutenen pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu zuela gogoratu zuen 2016an, "baina gobernua hor gelditu zen". Gaztigatu zutenez, gaur egun 60.000 nafarrek, gehienak emakumezkoak, 900 euro baino gutxiagoko pentsioak kobratzen ari dira.
Manifestariek mendekotasun egoeran dauden pertsonek beharrezko zerbitzuak garaiz jaso ditzatela exijitu zuten. COVID-19 gaitzak hildakoen omenez, minutu bateko isilunea gorde zuten. Eta, azkenik, sakandar guztieak pentsio duinen aldeko aldarrikapenarekin bat egitera gonbidatu zituzten, “gure bizitzaren azken txanpan bizimodu ona izan dezagun”.