Futbola

Altsasu, hirutik hiru

Guaixe 2021ko urr. 11a, 11:20

Erregional maila. Hirugarren multzoa. Laugarren jardunaldia: Altsasu 2 – Berriozar 1

Erregional mailan laugarren jardunaldia jokatu zen eta aurreko asteko atsedenaldiaren ondoren, Altsasu taldea atzera ere indartsu itzuli zen lanera. Altsasuk Berriozar taldea hartu zuen Dantzalekun eta partida ez zen oso ongi hasi gorritxoendako, bigarren minutuan Zarralukik Berriozar aurreratu baitzuen. Baina altsasuarrek ez zuten behera egin eta bost minutu beranduago bana berdintzea lortu zuen Salgadok. Aginte makila hartuta, 18. minutuan Altsasuren bigarren gola sartu zuen Aiestaranek, eta partidari buelta ematea lortu zuten. 2 eta 1eko garaipenarekin despeditu zen partida. 

Rotxapea B da erregional mailako hirugarren multzoko liderra (10 puntu) eta Altsasu bigarren postuan dago, puntu batera (9 puntu). Asteburuan 5. jardunaldia dago jokoan eta hain zuzen ere Altsasuk Rotxapea B liderraren kontra jokatuko du El Irati futbol zelaian. Partida garrantzitsua da, lidergoa dagoelako jokoan.