Altsasuko ahozko eta materiagabea den ondarea jasotzeko 46 altsasuar elkarrizketatu zituzten 2019ko urte akaberan. Labrit multimedia enpresa arduratu zen elkarrizketak egiteaz, indexatzeaz eta aztertzeaz. Beste herrietan egin den bezala, bilketa lan horretatik altsasuarren testigantzak jasotzen dituen bideoa osatu dute. Ikus-entzunezko horren aurkezpena lastaileko azken bi asteazkenetan emanen dute Iortia kultur gunean, 17:00etan. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, emanaldietara joateko gonbidapena jaso beharra dago aurretik.
Egindako lana Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa proiektuaren baitan kokatzen da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailarena da proiektu hori 2005etik. Egitasmo horren helburua da Nafarroako “herrietako kultur genoma” jasotzea heldu diren belaunaldiei transmititu ahal izateko. Hori lortzeko herriz herri elkarrizketa etnoantropologikoak egiten ari dira “XX. mendeko memoria” gordetzen duten pertsonei. Nafarren %1 elkarrizketatu nahi dituzte.