Aurreko ikasturteko emaitza positibak ikusita, Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak berriro martxan jarri du Gazte berriemaleak programa. Laugarren ikasturtea izanen da programa Altsasuko ikastetxe guztietara iritsiko dena. Hori zortzi ikasleren bidez eginen du, honakoak: Jonathan Laura Pacifico eta Aya Essouabny Labzae, Sakana Lanbide Heziketa institutuan; Aitziber Da Costa Taboada eta Cristina Matias Tapia, Altsasu Bigarren Hezkuntzako institutuan; Leire Agirre Aldaz eta Amaiur Markez Imaz, Iñigo Aritza ikastolan eta Yuri Andreo Lerma eta Julen Garcia Alonso, Sagrado Corazon ikastetxean.
Zortzi gazteek Intxostiapunta gazte gunearekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu dute eta lagun eta ikaskideei gazte gunean antolatutako jardueren berri emanen diete. Baita haiek esandakoak Gazteria Zerbitzuari jakinarazi ere. Horretarako ikastetxe bakoitzeko sortutako Gazte Informazio Gunea euskarria izanen dute. Baina sare sozialak ere erabiliko dituzte. Informazioa osatzeko gazte txokoko teknikariarekin bilduko dira asteazkenetan. Zortzi gazteek egiteko hori ikasturte guztian zehar beteko dute. Horren truke 200 euro jasoko dituzte, aurten 80 eta 120koa heldu den urtean. Gainera, hilean behin, Intxostiapuntan antolatutako ekintza batean izen ematea doan izanen dute. Akaberan, berriz, diploma jasoko dute.