Astekaria

"Grabazioan puzzle baten piezak osatzen ari gara"

Guaixe 2021ko urr. 19a, 14:03

Aritz Leoz Crespo zinema ekoizpen taldean lan egiten ari da.

Zinemaren munduan lanean ari da Aritz Leoz Crespo altsasuarra. Besteak beste, 'Maixabel' pelikulan egin du lan.

Intimidad telesaila Bilbon grabatu ondoren Altsasura itzuli da Aritz Leoz Crespo. Denbora tarte gutxirako izanen da, dagoeneko Paul Urkijoren Irati filmean lanean hasi delako. Aurretik Maixabel pelikulan ere parte hartu du altsasuarrak. Ostegunean, urriak 21, ostiralean, urriak 22, eta igandean, urriak 24, Iortia kultur gunean eskainiko dute Iciar Bollainen filma. Leozek, ekipoaren parte bezala, aurrestreinaldian ikusteko aukera izan zuen. Zinemaren munduaz barrutik ikasten ari da.

Zein da zure lana?
Produkzio lanak dira, oro har. Grabazioan horiek dira nire eginkizunak: giza baliabideak, materialak, garraiokoak eta abar kontratatu eta antolatu, eta errodajean zehar kudeatu. Gehien bat logistika kontuetan ibiltzen naiz.

Nolakoa da zure lan egun bat?
Egun bakoitza gauza berriekin eta lan ezberdinekin hasten da. Egun normal bat zein izan daiteke? Ordu txikitan esnatzen naizen egun bat edo arratsalde bukaeran lanera sartzen naizen egun horietako bat. Normalean kamioian materiala set-era eraman eta antolatzen dut edo aktoreren zein taldeko kideren bat set-era eramaten dut. Errodajea hasi baino lehen prestatu beharreko guztiak martxan jarri. Hau da, bertan zerbitzatzen den katerinetik grabazio lekua antolatzera. Beste departamentuak etortzen direnerako dena prest egotea.

Nola antolatzen zarete?
Mundu hau nahiko hierarkikoa da. Nik arduradun gehiago ditut gainetik. Horiek dira errodajea hasi aurretik teknikak deitzen direnak egiten dituztenak. Momentu horretan erabakitzen dute zuzendariarekin, argazki zuzendariarekin eta beste departamentuekin zeintzuk diren beharrak. Teknika horietan zehazten dituzte, eta gu egunerokotasunean informazio horrekin antolatzen gara. Plana zehazten dugu. Egun bat lehenago bidaltzen dira behar zerrenda horiek eta produkzio taldean banatzen dira. Handik bi egunetara ez dakigu zein izango den gure lana edo zer behar egongo diren.

Gidoia ezagutzen duzu?

"Gidoia ezagutzea ezinbestekoa da grabatuko dugun zatia aurretik ezagutzeko"

Behartuta gaude gidoia irakurtzera eta ezagutzera. Errodajea hasi baino lehen gidoia pasatzen digute, baita grabazioaren plana ere, jakinda planak aldaketak jasan ditzakeela. Printzipioz, hori izango da lanaren eskema. Gidoia ezagutzea ezinbestekoa da egun bakoitzean pelikularen zein zati grabatuko dugun jakiteko.

Nola hasi zinen zinemaren munduan?
Egia esan, Altsasu telesaila grabatzera etorri zirenean ni Altsasukoak Aske plataforman ari nintzenez niregana jo zuten kudeatzen laguntzeko. Bertan lan egitea eskaini zidaten eta libre nengoen. Bertan lan eginda pertsona bat ezagutu nuen beste proiektu baterako deitu zidana eta hortik beste pertsona bat beste proiektu baterako. Gurpilean sartu nintzen.

Aurretik ikus-entzunezkoen zaletasunik edo harremanik ba al zeneukan?
Beti gustuko izan ditut ikus-entzunezkoak eta kuriositatez beraien inguruan informatu naiz. Asko gustatzen zait bai bideoak grabatzea, bai argazkigintza ere. Egian esan mundu honetan profesionalki ez nuen inolako formakuntzarik. Pixkanaka, egunerokoan, ikasten ari naiz. Gauza askotan bezala gogoa da gakoa, eta egunetik egunera banoa.

Zein proiektutan aritu zara?
Altsasu telesailetik Maixabel pelikulara, hortik La Fortuna Alejandro Amenabarren telesailera, Paisaian, eta hortik Netflixeko Intimidad telesailera, Bilbon. Horretan aritu naiz azken sei hilabetetan eta orain Irati pelikulan hasi naiz.

Nola izan zen 'Maixabel' bezalako produkzio batean lan egitea?
Bertara iritsi nintzen lehenengo egunean pentsatu nuen: “Zer egiten dut nik hemen! Hauek konfuditu dira”. ETBkoa dagoeneko profesionala zen, baina egia da Maixabel pelikulak beste dimentsio bat zuela. Lehenengo egunean ingurura begiratzen nuen, profesional guztiak ikusten nituen eta nik inolako formakuntza eta esperientzia izan gabe. Hori izan zen nire sentsazioa, baina sentsazio horretatik pizten zaizkizu ikasteko eta indarrarekin aurrera eramateko gogoak.

Gai zaila eta polemikoa lantzen du. Hasieratik baietz esan zenuen?
Onartu baino lehen ez dakizu nola landuko duten. Lana onartzen ez badut ez dut aukerarik gidoia irakurtzeko. Egia esan, hasieran gaiak nolabaiteko zirrara sortarazi zidan, baina profesionalki eta lan honetan aritzeko aukera ederra bezala ikusi nuen. Profesional asko batu dira, eta aukera bikaina zen bertan ikasteko eta bidea egiteko.

Pelikula horrelakoa izatea espero zenuen?
Istorioa denok ezagutzen dugu. Edozein pelikuletan bezala detaile batzuk aldatzen dira, baina guztiok dakigu nor den Maixabel eta kontatuko dena zer den. Gure ikuspegitik, Euskal Herriko ikuspegitik, bai iruditzen zaidala elementu asko nahiko superfizialki jorratu dituztela, baina lan bikaina egin da, bai istorioarekin bai zinemako kontuekin.

Zenbat egon zineten grabatzen?
Bi hilabetez ibili ginen errodajean. Aurre errodajea aste bat izan zen. Bederatzi aste inguru egon nintzen proiektuan, baina lehenengo lanak errodajea baino sei hilabete lehenago hasi ziren, eta gero post-produkzioan beste lau hilabete ariko ziren. Pelikula bat egitea hasieratik bukaerara arte urte bateko lana izan daiteke. Nire lana errodajera bideratzen da, eta bederatzi aste izan ziren.

Zinema aretoetara iritsi aurretik ikusteko aukera izan zenuen?
Berria naizenez ez nekien, baina Altsasu telesaila eta Maixabel pelikularen aurretik aukera izan genuen aurrestreinadian ikusteko. Bertara gonbidatzen gaituzte bai ekipo teknikoa, bai aktoreak eta baita kazetariak ere. Beste esperientzia berri bat. Egia da gogoekin bizi duzula. Polita da pelikula horren atzen lan egiten duten guztiekin ikustea eta emozio hori konpartitzea.

Grabazioan egon ondoren, zinemaren magia galtzen da?
Errodajean zaudenean ez dizu aukera ematen nolakoa izango den jakiteko. Jarraitzen saiatzen zara, baina istorioa desestrukturatzen da. Egun batean hasierako zatiak ikusten dituzu, eta hurrengoan, zerikusirik ez duten zatiak, eta handik hilabetera hasierakoekin harremana dutenak. Puzzle moduko bat da. Puzzleko piezak diseinatzen ari zarela sentitzen duzu. Pelikula ikustean puzzle horren osaketa ikusten duzu, baina zuk ez duzu muntatzen. Ez da imajinatzen nuen modukoa, nahiz eta gidoia irakurri. Istorioan sartzea kostatzen zitzaidan, grabatutako zatiak ikustean badakizu trafikoa mozten egon zinela, etxe horretako patioa ez dela etxe horrena… Grabazioaren kontuak etortzen zitzaizkidan.

Zinemaren mundua horrela zela imajinatzen zenuen?
Harritu nau. Harrigarria da pentsatzea egun batean pelikularen minutu eta erdia baino ez dela grabatzen hamabi lan ordu sartuta. Gure lan egun normal bat hamaika edo hamabi ordukoa izaten da, eta minutu eta erdi inguru grabatzen da. Departamentu asko daude, jende askok lan egiten du elkarlanean eta erabat sinkronizatuta egon behar dute. Lan taldean aritzeko modu horrek konkistatu nau.

Zer behar da lan horretan aritzeko?
Gogoa besterik ez dela behar esan dezaket. Baina aukera sortu behar zaizu. Formatutako jende asko dago mundu horretan, nire lankideek unibertsitate graduak eta masterrak dituzte, eta badakit jende askok mundu honetan sartzeko zailtasun asko izaten dituztela. Horregatik, nire harridura bertan lan egiten hasi nintzenean, baina beste departamentutan lan egiteko ezinbestekoa da formakuntza.

Etorkizunean?
Hainbeste bidaia izan da azkeneko urte hau, ez naizela ausartzen esatera zer gertatuko den hemendik bi hilabetetara. Gainera, zinema horrelakoa da ere. Baditu bere lan momentu intentsoak eta gero badira ezjakintasun tarteak ere. Oraintxe Irati pelikulan lan egiten ariko naiz sei astez eta gero, atseden hartuko dudala uste dut, neguan produkzio gutxiago egoten direlako. Oraingoz, mundu honetan ikusten dut nire burua, baina nork daki zer gertatuko den.