Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatuta, larunbatean XIII. Onddo Lasterketa jokatu zen, proba ez lehiakor eta herrikoia. Pandemiagatik joan den urtean ezin izan zen antolatu, eta aurten kutsu berezia izan zuen: lasterketa beraren itzulerari, feriak ospatzeko ezin gogotsuago zegoen ikusleen eta korrikalarien grina eta jai giroa gehitu zitzaion. Horrela, lasterketa festa ederrean bilakatu zen.
Oinezko martxan parte hartu zutenak goizeko 10:30ean abiatu ziren Altsasuko plazatik, eta Onddo Lasterketan aritu ziren korrikalariak, aldiz, 11:00etan. San Pedron, Basoitxin eta inguruetan 7 kilometro osatu beharra zuten guztiek, ibilbide berbera kontrako norabidean eginez. 268 pertsona animatu ziren Altsasuko baso eta paraje zoragarrietan barna prestatutako zirkuitua egiten, oinez batzuk, eta korrikan besteak. Ondoren, partaideen artean 3 onddo saski zozketatu zituzten. Segidan 41. Ferietako Eskolarteko Krosa abiatu zen, kategoria txikiko lasterketak. 59 neska-mutiko aritu ziren, aurrebenjamin, benjamin, kimuen eta haurren mailetan. Antolatzaileak "oso pozik" zeuden ekimenak izandako erantzunarekin eta sortutako giroarekin.