Formatu berriarekin itzuli da Argazki Rallya

Guaixe 2021ko urr. 19a, 11:54

Altsasuko Ferietako 35. Argazki Rallyaren irabazleak.

Altsasuko Mendigoizaleak Altsasuko Ferietako une eta txoko desberdinak argazkien bidez islatzeko lehiaketa antolatu zuen igandean, urte bateko geldialdiaren ondoren. Egunean bertan argazki egin zituzten, eta argazki proiekzioa eta sari banaketa izan ziren. 

Pandemiagatik egoera berezian bazen ere, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Altsasuko Ferietako 35. Argazki Rallya antolatu zuen igandean. Altsasuko Ferietako eguna izan beharko zuen, baina egoeragatik azoka larunbatean izan zen. Tradiziozko elementurik gabe, baina Altsasuko kaleak eta txokoak islatzeko gogoekin, 25 argazkilarik parte hartu zuten aurtengo argazki rallyan. Bost gai landu behar zituzten: Altsasu, artisautza, koloreak, trena eta balkoiak. 

Sarituak
Argazki bilduma hoberena Durangoko Javier Lopezendako izan zen. 150 euro eta trofeoa eraman zituen. Bigarren saria Donostiko José Angel Amutxategirendako izan zen. 100 euro eta trofeoa irabazi zituen. Hirugarren bilduma hoberena Nerea Aiarzabenarendako izan zen eta 60 euro eta trofeoa eraman zituen Berrizera. Altsasuko argazkirik politena Donostiko Patxi Idiazabalek egin zuen. Argazki rallya Herriz Herri zirkuituaren parte da. 

Formatu berria
Argazkiak egin ondoren, Gure Etxean entregatu behar izan zituzten eta lehenengo aldiz 35 edizioetan, egunean bertan argazkien proiekzioa eta sari banaketa egin zuen antolakuntzak. Aurrera begira formatu honekin jarraitzea nahi du Altsasuko Mendigoizaleak taldeak, baina denborak zehaztu beharko dituztela esan dute antolakuntzatik. Epaimahaiak proiekzioa bitartean puntuatu zituen argazkiak, eta aurtengo maila altua nabarmendu zuen.