Gourmets Azoka Europako kalitate handieneko Elikadura eta Edarien Azokarik handiena da. Eta han dira Reyno Gourmet zigilua duten zortzi enpresa nafar, tartean Katealde altsasuarra. Nafarroaren egun handia izanen da Gourmets Aretoan; izan ere, Saloiko Gastronomia Solidarioaren Agertokian (8. pabiloian) Nafarroaren Eguna, Reyno Gourmet izanen da. Haren baitan Nafarroako Jatorri Deiturako ardoen, Idiazabal gaztaren, Nafarroako patxaranaren eta Erronkariko gaztaren dastaketak eginen dira. Gainera, Nafarroako olioaren jatorri izendapena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak sustatutako Olioaren tunelean izanen da. Horrekin batera, Pedro Larunbe sukaldari nafarra omenduko da.
Egitaraua
Nafarroaren Eguna, Reyno Gourmet Nafarroako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko Ardo Eskolako Ana Laguna hezitzaileak abiaraziko du. Garnatxa mahatsaz egindako ardoen dastaketa gidatuko du. Ondoren, dantza eta gastronomia uztartuko dira Idiazabal gaztaren dastatze batean, Mulixka dantza taldearen Idiazabal koreografiarekin batera.
Pedro Larumbe sukaldari nafarra Nafarroako Eguneko ekitaldi nagusiaren protagonista izanen da 13:00etan. Berriki erretiratu da, bere ibilbidea, Madrilgo sukaldaritzako figura garrantzitsuenetako bat izatea eta Nafarroako baratzeko produktuen dibulgatzaile nagusienetako bat izatea aitortuko dio Nafarroako Gobernuak. Han izanen da Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Itziar Gomez Lopez.
Eguna osatzeko, Nafarroako patxaranaren dastaketa bat izanen da, Adrián Subia izendapenaren presidentearen eskutik; eta Erronkariko Gaztaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezi bat izanen da, Joanna Artieda sukaldari iruindarrak parte hartuko duena.
Reyno Gourmeti buruz
Reyno Gourmet-ek bere markaren azpian zazpi Babestutako Jatorri Deiturako nekazaritzako elikagaien produktu nafarrak biltzen ditu: Lodosako Piquillo piperrak, Nafarroako olioak, Erronkariko gaztak, Idiazabal gaztak, Nafarroako ardoak, Errioxa eta Cava jatorri-deitura geografiko babestuak. Horrekin batera, 6 Adierazpen Geografiko Babestuak: Nafarroako Esparragoa, Nafarroako orburua, Nafarroako txahala, Nafarroako arkumea eta patxarana. Bere baitan daude foru erkidegoko bi kalitate ziurtagiri: Nafarroako Artisauak eta Ekoizpen Integratua. Azkenik, nazioarteko kalitatea sistemekin kreditatutako enpresak daude Reyno Gourmet markan.
Guztira, 113 enpresaren 2.650 erreferentzia inguru, Reyno Gourmet markaren logotipoa bere etiketan jartzen dutenak, bereizketaren eta kalitate-bermearen ikurra.