Futbola

Altsasuri berdintzeko gutxi falta izan zitzaion

Guaixe 2021ko urr. 20a, 10:30

Emakumezkoen 1. Maila Autonomikoa. 2. multzoa. 6. jardunaldia: Altsasu 2 – Mutilbera B 3

Altsasuk Mutilbera B taldea hartu zuen larunbatean Dantzalekun eta maldaz gora jarri zitzaion partidari buelta emateko zorian egon ziren altsasuarrak. Partida hasi eta 13. minutuan, Iraia Utergak Mutilbera aurreratu egin zuen. Altsasuarrak berdintzen saiatu ziren, eta atsedenaldira banakako berdinketarekin joan ziren, 42. minutuan Jone Apaolazak sartutako golari esker. Bigarren zatian Mutilbera izan zen berriro aurreratu zena. Atzera ere partida berdintzeko ahaleginak egin zituen Altsasuk, baina ezin, 83. minutuan hirugarrena sartu zuelako Mutilberak. Hala ere, Altsasuk ez zuen etsi. 87. minutuan Nerea Arellanok Altsasuren bigarren gola sartu zuen eta Altsasu 2 eta 3 gerturatu zitzaion Mutilbera B taldeari. Gorritxoak azken unera arte saiatu ziren, baina ez zuten hiruna berdintzea lortu eta 3 puntuek Dantzalekutik ihes egin zuten. Hala ere, aurreko partidetan baino lehiakorragoak izan ziren altsasuarrak eta itxura hobea eman zuten. 

Hurrena, Oberena
Emakumezkoen 1. Maila Autonomikoko 2. multzoko liderra Mulier taldea da (18 puntu). Irati Igoa etxarriarraren taldeak jokatutako partida guztiak irabazi ditu, eta gainontzeko taldeak baino koxka bat gorago dagoela agerikoa da. Altsasu hamargarren postuan dago, punturik gabe. 

Asteburuan 7. jardunaldia dago jokoan eta Altsasuk atzera ere etxean jokatuko du, Dantzalekun. Gorritxoek Iruñeko Oberena taldea hartuko dute larunbatean, 16:45ean. Oberena zortzigarren postuan dago, 6 punturekin, eta ea altsasuarren jokoaren hobekuntzak segida duen.