EH Bilduk baso kudeaketa hoberako neurriak proposatu ditu

Guaixe 2021ko urr. 27a, 12:55

Berriko Baso Itxin makina bat haritz amerikar moztu dituzte.

Neurri zehatzekin batera, "daukagunaz" kontzientzia hartzea eta naturaren zainketan eta mantentze lanetan herritarrek parte hartu beharko luketela azaldu du.

Altsasuko EH Bilduk herriko basoak hobetzeko hainbat neurri proposatu ditu. Horietan lehena da udaleko mendietarako langilea bakar-bakarrik horretan aritzea, eta ez beste lan batzuetan. Koalizioak adierazi duenez, “pertsona hori helburu horiek betetzeko prestatuta dago”. Horrekin batera, Altsasuko EH Bilduk proposatu du “itxiturak hobetzeko behar den aurrekontu partida jartzea”; gaztigatu duenez, “arazo larria da, mendiko itxitura eta larre askoren egoera txarra. Hori dela eta, ateratzen diren landare berriak ezin ditugu zaindu, ezin dugulako azienda kontrolatu eta, era berean, ezin dugulako azienda sartu itxiturak ondo ez daudelako”. Udalerriko perimetro itxiera hobetu beharra dagoela ere nabarmendu dute, “herritik kanpoko azienda sartzea edo bertako azienda barreiatzea saihesteko”. 

Amerikako haritza bertakoarekin ordezkatzeko epe ertain-luzeko plana eskatu du Altsasuko EH Bilduk, 10 edo 15 urtekoa. “Helburu hori lortzeko, hainbat urtetan jarduera solteak egin beharrean, plangintza egin behar da, eta jarraipena egin”. Aurrekoaren bidetik koalizioak eskatu du kanpoko espezieak edo espezie inbaditzaileak edozein modutan zabaltzen ez uztea; baso berritze erabilgarriak egin, ez galeriari begirakoak”. Bertako zuhaitz espezieak landatzea eskatu du EH Bilduk. Azkenik, koalizioak eskatu du “jende gehiago jartzea zaborra eta sasiak garbitzeko, azken aldian nahiko zikin baitago, baita ibaietako ezpondak ere”. Gaur egun ibaietan dauden eta erabiltzen diren uharkek “ez diete batere mesederik egiten ez faunari ez landaretzari”.

Euskara 
Koalizioak azken bilkuran salatu zuenez, basolanak egiten direnean udalak eta enpresek jartzen dituzten ohartarazpen kartelek ez dute Altsasuko Udalaren Euskararen Ordenantza betetzen. Orain Basoitxiko lanekin gertatu dela, baina aurretik ere gauza bera gertatzen dela nabarmendu zuen EH Bilduk. Karteletan euskarak ez duela lehentasunik onartu zuen alkateak. Bere iritziz Euskararen Ordenantzaren edukien ezagutza falta egon daiteke langileen artean. Horregatik, Mank-eko euskara teknikariaren bidez arauaren berri idatziz edota sailkako bileren bidez egitea aztertzen ari da udala.