Astekaria

XX. mendeko Altsasuren erretratua

Guaixe 2021ko urr. 26a, 08:42

Ikus-entzunekoaren aurkezpenerako Iortia kultur gunea bete egin zen. @labrit_net

46 altsasuarren testigantzekin osatu dute. Asteazkenean aurrenekoz eman zuten Iortia kultur gunean eta bihar, atzera ere, emanen dute, 17:00etan. Gonbidapena aldez aurretik jaso behar da.

Herriko ahozko eta materiagabeko ondarea jasotzeko hitzarmena sinatu zuten Altsasuko Udalak eta Labrit Ondarea enpresak. Horren ondorioz 46 altsasuar adindu elkarrizketatu zituzten. Guztira 143 memoria-ordu eta 3.713 oroitzapen jaso dituzte. Eta haien lagin bat, 51 minutuko ikus-entzunezkoa, estreinakoz, asteazkenean erakutsi zuten Iortia kultur gunean. 46 elkarrizketatuek bere elkarrizketaren kopia bana jaso zuten joan den asteazkenean. Jasotako guztia Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) sustatzen duen Navarchivon, Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboan, bukatuko du. Baina udala lana altsasuarren artean nola banatu aztertzen ari da. 

Ikus-entzunezkoaren aurreneko emanaldirako Iortia kultur guneko areto nagusia guztiz bete zen. Ikusleek “anekdotaz betetako lan polita” ikusi zutela esan zuten akaberan. Javier Ollo Martinez alkateak esan duenez, “aurrerantzean, Altsasuko Udalak betiko gordeko den memoria izango du, eta Altsasun bizi diren eta biziko direnei transmititzeko aukera izango du”. Ikus-entzunezkoa www.altsasu.eus web orrian ikusgai izanen dela aurreratu zuen alkateak. Urte bukaerarako udalak Interneteko ataria berrituko du eta orduan jarriko du ikusgai bideoa. Berarekin batera ekitaldian  grabazioen ardura izan zuen Labrit enpresako kide batek eta NUPeko ordezkariak izan ziren. Ekitaldiari doinua Itziarrek, Aritzek eta Amaiurrek eta Trasteando taldeak jarri zioten. 

Joan den mendeko Altsasu hartan herriak “ez zuen espaloirik; plazan bakarrik. Gainerakoa lokatza zen. Espaloiak jartzea izan zen gerra ondoren egin zuten aurreneko gauza”, gogorarazi zuen Jose Luis Fernandez de Garaialdek. Maria Angeles Artolak nabarmendu zuen bere etxea izan zela aurrenetarikoa telebista izaten; haren etxean “bizilagunen bisitak oso ohikoak ziren aparatu hura ikusteko”. 

Artoaren bilketa, abereak landara ez alde egiteko hesiz itxitako herria, garbitegia, geltokia, trenbideak, intxaurrondo zaharra, eskola, Extremadurakoen etorrera, gure etxea, euskara, galtzak zituzten emakumeak, kintoak, ospakizunak… Makina bat kontakizun eta pasadizo jaso dira elkarrizketetan. 

Parte hartzaileen zerrenda: 
Venancio Amillano Urdiain, Luis Mari Lopez De Goikoetxea Sueskun, Santiago Zelaia Urrestarazu, Conchi Lezea Lapuente, Gerardo Del Olmo Ramirez De Alda, Petri Garcia Gomez, Mari Carmen Goikoetxea Napal, Jose Luis Fernandez de Garaialde y Lazkano Albiztur, Aurea Hernando Saez, Jose Luis Perez Oribe, Luis Mari Bergera Fernandez, Candido Arnanz Garcia, Jose Crespo 
Larraza, Mª Concepcion Mazkiaran Agirrebengoa, Juan Alonso Asensio Vaquerizo, Amelia Carabias Valliciergo, Justino Iguzkiza Otxoa, Gerardo Olmedillo Aldasoro, Jose Urizar Ostiza, Aurelio Lucas Andrade, Julia Talavera Solis, Emilio Boulandier Maiza, Patxi Goikoetxea Askorbe, Maria Jesus Uribarrena Alberdi, Cristobal Lanz Lapuente, Alberto Urkijo Perez, Maria Antonia Gastaminza Audikana, Teresa Goikoetxea Galbete, Ramon Mendia Delfrade, Maria Luisa Mazkiaran Guridi, Mertxe Mazkiaran Guridi, Francisco Mateo Elosegi, Maria Roman Casasola, Fernando Sayas Mendia, Maria Jesus San Roman Mazkiaran, Enrike Fernandez de Garaialde y Lazkano Zelaia, Araceli Barandiaran Ameztoi, Pilar Sanz Fernandez, Conchi Mendia Elorza, 
Jose Herrera Tiburcio, Mª Rocio De La Marta, Mª Angeles Artola Igoa, Maribel Mazkiaran Perkaz, Juanita Mazkiaran Iturrioz, Mª Ines Gorriz Sueskun eta Mª Teresa Arnedo Martinez.