Altsasuko Udalak Gartzia Ximenez kalea 90 bat metroko luzeran eraldatzeko lanak atzo hasi ziren. Espaloiak eta errepidea altuera berean jarriko dira oinezkoek eta ibilgailuek tarte hori partekatu dezaten, baina oinezkoei lehentasuna emanez, eta trafikoa mantsoago ibiltzeko. Aldi berean, Alde Zaharra eta zabalgunea lotzeko modua izanen da. Espazio hori data jakinetan (asteburuak, festa egunak…) ixteko aukera ere aurreikusten du udalak. Horregatik oztopo zutoin batzuk jarri eta kentzeko modukoak izanen dira.
Lanak Excavaciones y Transportes Orsa SM enpresak eginen ditu eta haren truke 132.356,36 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Lanak despeditzeko 30 egun izanen ditu enpresak. Eginen dituen lanak honakoak dira: dagoen zorua kendu eta berria zabalduko dute, dauden arketen altuera zoru berriaren alturara jarri, errepidea dena galtzada harrien koloreko asfaltoz egitea, euri ura jasotzeko kanaleta jarraituak jarri espaloiaren eta asfalto berriaren artean, kale zatia mugatzeko oztopo zutoinak jarri, hiru zebrabide margotuko eta haiei dagozkien seinaleak jarriko dira. Lanak trafiko handia hartzen duen kale batean egiten ari direnez, tentuz gidatzea gomendatzen da.