Astekaria

"Beharbada inoiz baino askeago sentitu naiz ‘Irteera argiak’ egiten"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urr. 25a, 14:52

Eñaut Elorrieta musikaria. UTZITAKOA

Iñigo Aritza ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunen barruan Eñaut Elorrieta musikariak 'Irteera argiak' kontzertua eskaini du Iortia kultur gunean.

Eñaut Elorrieta bakarrik heldu zen Altsasura. Bere gitarraren laguntzarekin kontzertu berezia eskaini du, orain arte eskaini dituenekin alderatuta “desberdina”. Irteera argiak azkeneko diskoaren abestiak izan zituen oinarri, baina 25 urteko ibilbideari errepasoa egin zion. Iñigo Aritza ikastolak 50 urte betetzen ditu, eta abeslariaren emanaldiarekin ospakizunei hasiera emango dio. Elorrieta ikusteko Iortia kultur guneko areto nagusia txiki gelditu zen.

'Irteera argiak' da zure azken diska. Pertsonalena dela esaten dute.
Gaitegiari erreparatuta, Deserriko kantak deserriaren kontzeptuan oinarritu nuen. Deserriarri ertz desberdinetatik begiratzen diot. Ez lekuan sentitzea eta horrek izan ditzake irakurketak maila emozionalean edo bizipen eta gertaera konkretuetan. Kontzeptu horren inguruan ibili nintzen; kontzeptu hori izan zen hari. Irteera argiak honetan gaiak anitzagoak dira. Bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz eta abarrez hitz egiten dut. Azken urtetan gertatu zaizkidan gertaera horien gainean sortutako emozioez aritu naiz zuzenean hitz egiten. Nire gertaeren harira sortu ditut kantuak, eta beharbada horregatik aipatu dute pertsonalagoa dela.

Barrutik gehien mugitu zaituena?
Nik disko guztiak jotzen ditut oso pertsonal bezala. Nik sortu ditut eta nire barrutik atera dira. Disko honetan inoiz baino askeago sentitu naiz konposatzeko garaian. Nire lehenengo diskoan, orain distantziarekin begiratuta, Ken zazpitik nentorren eta Ken zazpitik urruntzeko nolabaiteko obsesio bat nuen, bertigo bat bakarkako bidea abiatzeko… Eta hortik pasatu behar nintzen derrigorrez. Ezinbesteko diskoa izan zen niretzako, nire ibilbidean diskorik esanguratsuena. Justu, horregatik. Horren ondoren, hainbat eta hainbat motxila askatzen joan naiz. Beharbada inoiz baino askeago sentitu naiz Irteera argiak egiten. Esango nuke Deserriko kantak-en deseraikuntza prozesu batean nengoela, eta oraingoan eraikuntza prozesu batean sentitzen naizela.

2019an kaleratu zenuen, eta, ondoren, pandemia etorri zen. Nolakoak izan dira bi urte hauek?
Bira bete-betean harrapatu gintuen. Kristona izan zen. Maila pertsonalean guztioi mugitu zaizkigu antzeko moduan barruak. Nire kasuan, behin diskoa grabatutakoan hustuketa prozesu bat egoten da, eta gero zuzenekoekin bete egiten naiz. Bai nire emanaldietan bai besteen zuzenekoak ikustera joaten naizenean. Orduan, bat-batean prozesu hori errotik hautsi zen eta hasieran shock handia izan zen. Pixkanaka gauzak egiten hasi ginen, baina ordura arte oso momentu gordina izan zen. Baina egoerak ere behartu ninduen formatu desberdinetan aritzera. Hasieran eszenatokiaren gainean bi pertsona baino ezin ziren egon, gero hiru… Eta horrek guztiak eraman ninduen oso momentu gordina izan zen. Baina egoerak ere behartu ninduen formatu desberdinetan aritzera. Hasieran eszenatokiaren gainean bi pertsona baino ezin ziren egon, gero hiru… Eta horrek guztiak eraman ninduen. 

Emanaldi bereziak izan dira, ezta?
Kontzertuak ematen hasi ginenean publikoa musukoarekin zegoen eta iruditu zitzaidan kontzertuak hotzak izango zirela, tarte handia egongo zela publikoaren eta gure artean. Oso arraroa izango zela pentsatzen nuen. Hasierako kontzertu horietatik oso hunkituta itzultzen nintzen etxera. Ez dakit beharra genuelako edo musikaren bidez elkarri ulertzeko aukera ematen geniolako; baina oso kontzertu hunkigarriak izan ziren. Egoera normaltzen joan den heinean gure kontzertuak ere ohiko modura egiten joan gara. Niri gustatzen zait guztiagatik alde positiboa atera, eta horrekin gelditzen naiz.

Artistikoki zein puntutan zaude orain?
Pandemiarekin ziklo artistiko hori hautsi zenez, sortzeko beharra lehenago sentitu dut. Gauzak sortzen ari naiz. Oraindik ez dakit zehatz noizko izango den, baina hilabeteak daramatz sortzen. Normalean birek urte eta erdi edo bi urte irauten dute, baina pandemiak eten zuenez, oraindik deiak jasotzen ditugu eta erabaki genuen diskoaren bira luzatzea. Beraz, hurrengo hilabetetan diska aurkezten ibiliko gara. Oso pozik. Bi uda joan dira eta bira horiek ez dira itzuliko. Gehien faltan bota dudana herrietako jaietako eta aire libreko kontzertuetan gehiago aritzea izan da. Zerbait egin dugu, baina zerikusirik ez aurreko uda horiekin. Arantza hori geldituko zait.

Nolakoa izan da Altsasuko kontzertua?
Ni bakarrik hurbilduko naiz nire gitarrarekin. Iñigo Aritza ikastolaren 50. urteurrenean kokatzen da kontzertua eta ni ere irakaslea izan nintzenez poz handia hartzen dut ikastolan lan egiten duten ikasle, irakasle, ikasle ohi, guraso eta abarren eskutik gerturatuko naizelako Iortia kultur gunera. Kontzertu berezia eta bakarra izango dena prestatzen ari naiz. Irteera argiak diskoko abestiak joko ditut eta kontzertuaren bizkarrezurra izango da. Baina nire ibilbideko kantuez osatuko dut emanaldia ere. Azkeneko 25 urtetan sortu ditudan kantak. Badira bi kanta aspaldi jo gabe nituenak, eta Altsasurako bereziki prestatu ditut. Beraz, orain arte eman ditudan kontzertuetatik desberdinena izango da errepertorio bera desberdina izango delako. Mimoz prestatzen ari naiz. Kontzertu berezia izango da, gertukoa.