'Altsasu' antzezlana mustuko dute

Guaixe 2021ko urr. 26a, 10:18
'Altsasu' antzezlanaren kartela. UTZITAKOA

María Goiricelaya antzerkigilearen lana Altsasu Auzian oinarritzen da, eta justiziaz eta bi aldetako biktimen sufrimenduaren inguruan hitz egiten du. Bilboko Arriaga antzokian mustuko dute ostegunean, hilaren 28an.

2016ko urriaren 15eko goizaldean Altsasuko taberna baten aurrean gertatutakoa da Altsasu antzezlanaren abiapuntua. María Goiricelaya antzerkigile eta aktorea Altsasuko auzian oinarritu da lana idazteko eta zuzentzeko. Justiziaz eta bi aldeek jasotako minaz hausnartu nahi du antzezlanak. Altsasuko ferietan gertatutakoa inauterietan gertatzen da taularen gainean, sortzaileak zenbait mediotan azaldu duenez, Momotxorroak sartzea interesgarria zelako. Bestela, auziaren ibilbidearen laburpena eginen du antzezlanak. Ostegunean, urriaren 28an, mustuko dute Arriaga antzokian, euskaraz, eta urriaren 29an eta 30ean izanen da Bilboko teatroan, gaztelaniazko bertsioarekin. Azaroaren 11n Gasteizko Teatro Principalen eskainiko dute Altsasu antzezlana, euskaraz. Nafarrora ekartzea aurreikusi dute. 

María Goiricelaya testuaren idazlea eta antzezlanaren zuzendaria da. Euskarazko bertsioa Kepa Errastik egin du eta Eider Zaballa zuzendari laguntzailea da. Aktoreak Nagore González, Egoitz Sánchez, Aitor Borobia eta Ane Pikaza dira.