Nafarroan etxegabekoendako hiru aterpe daude: Iruñean, Tuteran eta Altsasun. Hirurak udalenak dira. 30 urtez Altsasuko aterpean kaputxinoen komentuko eraikin batean egon zen, harik eta 2020ko otsail akaberan bidezainena zen etxebizitza batera aldatu zen arte. Altsasuko Udalak zerbitzu horretara urtero, bataz beste, 30.000 euro bideratzen ditu, Nafarroako Gobernuak erdia estaltzeko dirulaguntza ematen du. Zerbitzuaren martxaren berri eman du Luis Angel Diaz Medinak.
Nola egiten duzue harrera?
Etorrera ordenan. 20:30ean egiten da. Gu 20:00ak aldera etortzen gara, euritan ari badu, edo prestatzen hasteko. Eta gure kontu, harrera egiten diegu.
Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Etxebizitzarik ez duten pertsonendako zerbitzua da. Aterpea astegunetan 20:30ean zabaltzen da. Pertsonei harrera eskaintzen zaie, hau da: ostatua, afaria, dutxatzeko aukera, gosaria eta biderako ogitartekoa ematen diegu. 08:00etarako aterpetik kanpo egonen dira erabiltzaileak. Eta aterpea ixten da. Guk, gainera, jendearendako arropategi bat jarri dugu, arropa garbia izan dezaten, aldatzeko edo trukatzeko. Ez dugu arropa asko, denboraldikoa dugu; berotzeko, edo dena delakoa.
Zenbat erabiltzaile har ditzakezue?
Aterpeak zortzi pertsonarendako gaitasuna du, baina pandemiak eragindako osasun egoeragatik lau besterik ez ditugu hartzen; gelako bi pertsona, metro eta erdiko distantzia mantenduz. Nafarroako Gobernutik esan digutenez, momentuz, gauzek dauden moduan segituko dute. Berez, gelako pertsona bat egotea esan ziguten. Bi pertsona hemen, batzuetan zerbitzua oso motz gelditzen da. Aterpe barruan musukoa erabili beharra dago.
Zerbitzuaren erabiltzaileek tren txartela eskuratzeko aukera dute, ezta?
Garai batean tren txartelak guk, udalak eta udaltzainek ematen genituen. Abusatu zuten erabiltzaileak egon ziren, udaletxean, gurean eta udaltzainenean eskatzen zutenak. Batzuetan ez zuen bat egiten gaua aterpean pasa zutenen kopuruak eta emandako tren txartelek. Eta baliabideak bukatzen ziren. Horregatik, udalak erabaki zuen udaltzainek bakarrik emanen zituztela trenerako txartelak. Iruñea, Gasteiz eta, oker ez banago, Beasainerako txartelak ematen dira gaur egun.
Noiz egin zenuten aterpe aldaketa?
Joan den urteko otsail akaberan aldatu ginen hona, pandemia ate joka zegoela.
Zein alde dago lehengo eta oraingo aterpeen artean?
Aldaketa izugarria da. Askoz hobea da erabiltzaileendako eta guretako. Lehenik, espazioa. Udalari eta gobernuari jakinarazi genion arazoak genituela. Gurpildun aulkian dabilen jendea etortzen da eta lehengo aterpean sartzea ia ezinezkoa zen. Ateak kentzen eta bestelakoak egiten ibili behar izaten genuen. Egungo aterpea askoz handiagoa eta erosoagoa da. Heldu diren pertsona kopuruarendako oso ongi dago. Bestetik, berogailua hobeki dago, sartzen zarenetik nabari da. Hobe isolatuta dago. Hemen bi dutxa ditugu, lehen bakarra zegoen eta oso txikia zen. Sukaldeak tamaina egokia du. Espazioak asko irabazten du. Bestetik, garbiketa gela dugu. Bertan dago ura berotzekoa. Berriki sustoa eman zigun, ekaitz handiko egun batean, plazan tximista erori zenekoa. Makina erroreak ematen hasi zen, aseguru etxearen bidez konpontzea lortu genuen. Bestela, 6.000 euroko matxura litzateke.
Aterpea udalaren araudi baten arabera kudeatzen da. Egoitza aldaketarekin araudian aldaketarik egon da?
Aldaketa egiterakoan ez. Baina, duela gutxi, udalak aldaketa batzuk egin ditu. Baina, oinarrian, araudi bera da.
Profila
Aterpearen erabiltzaileek zein adin dute?
Gehienek 45 eta 60 urte pasa artean dituzte. Gehien etortzen direnak 50 urte pasata dituzte (%40 2020an). 40 eta 50 urteko adin tartea da bigarrena (%30). Hemendik pasatzen direnen %96 gizonezkoak dira. Bazter guztietatik heldu da jendea, baita atzerritarrak ere (%29,7 joan den urtean).
Zein arrazoik bihurtu ditu aterpeko erabiltzaile?
Hainbat istorio dira. Bakoitzaren istorioa jakitea zaila da. Baina, normalean, zorte txarra izan duen jendea izan da. Edo, azkenean, amore eman dutenak. Asko ekonomiagatik da. Zorte edo bolada txarra izan badu, ondoren lanik ez badu… Edo familia arazoak izan dituzte. Bizirauteko modua bilatzen dute. Aterpez aterpe joaten dira, eta zirkuitua sortzen da. Jende gehiena koadro horrekin heldu da: lan egin du, eta jubilatzeko data iristea itxaroten ari da, laguntza jaso eta bizi ahal izateko.
Geroz, aterpeak bizirauteko modua ematen du.
Bai. Askok aterpez aterpe eramaten dituen zirkuitu moduko bat egiten dute. Badakite zein aterpetara joan daitezkeen, norekin egon daitezkeen, zenbat denbora egon daitezkeen… Asko dakite. Nahiz eta, zoritxarrez, pandemiarekin askok utzi gaituzten.
Zer informazio ematen diezue?
Iruñeko aterpearekin harreman zuzena dugu. Hura oso handia da. Dugun informazioa ematen diegu: zenbat egun egon daitezkeen, non dagoen… Nafarroako Gobernuaren bidez, pandemia garaian, sarea osatu zen, elkarri nola lagundu jakiteko. Iruñeko eta beste toki batzuetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik hots egin ziguten, han zegoen jendearendako aterpean tokia zegoen jakiteko.
Urteko zenbat erabiltzaile dituzue?
Pandemia aurretik, 2019an, 284 pertsonaren 409 egonaldi izan ziren (454 2017an eta 420 2016an). Baina asko jaitsi da, 167 erabiltzaile eta 221 egonaldi.
Pandemia
Inor ezin zen mugitu. Non gelditu ziren etxegabeak?
Entzun dudan gutxiaren arabera, atzera ere, etxera, familiarengana bueltatu zen jende asko; seme-alabekin, edo ahal zutenarekin. Beharbada ez zuten bueltatu nahi, baina ez zuten beste aukerarik, toki batean finko, geldi egon behar zutelako. Beste batzuek lagunengana jo zuten, toki beroetara, Cadiz eta halakoak. Baina nola moldatu diren ere ez dakit; batzuk aterperen batean geldituko ziren… Bakarren batzuek kontatu digutenez, aterpe batzuk atzerritarrez lepo omen zeuden, arazo ugari zeudela, oso zaila zela eta nahiago zutela ateratzea. Pandemia garaian beste aterpe batzuetako jendea iritsi zitzaigun.
Pandemian zein edukiera izan duzue?
Lau pertsonakoa. Baina, bataz beste, bi pertsona izan ditugu.
Pandemiaren hasieran inor ezin zen kalean egon. Zer egin zenituzten, 24 orduko lan txandak?
Guk Altsasuko Udalarendako lan egiten dugu, eta hark pandemiaren hasieran aterpea ixteko agindu zigun. Udalari eta Nafarroako Gobernuari galdetu genien: kalean dagoen jendeak zer egin behar du? Gobernuak aterpea zabaltzea eskatu zuen. Eta egunero 24 orduz lanean egon ginen.
Zenbat egon zinetan horrela?
Martxoan itxi zenetik, egunero 24 ordu. Ohiko zerbitzura garagarrilaren 3an bueltatu ginen.
24 ordu hemen, ez da etxean egotea.
Bik lan egitearen abantaila da batek 24 ordu egiten zituela eta, ondoren, besteak beste 24. Horrela, astero. Nik familia dut eta pixka bat zailagoa izan zen. Zure burua zaindu behar duzu, adi egon… etxera joan eta han familia nuen.
Eta zer moduzko erlazioa zenuten erabiltzaileekin 24 ordu horietan?
Ezin ziren kalean egon. Kanpoan espazio handia dugu, eta kanpoan egon zitezkeen. Baina foruzainak ateratzean sartzeko eskatzen zieten (polizia etxea aterpearen ondoan dago). Ez zen ezer gertatzen. Aire pixka bat hartzen zuten eta kitto. 24 ordu hemen barruan ziren. Zortea izan genuen, jende nahiko majoa etorri zelako. Guztiek bezala, arazoak izan genituen. Guardia Civilak eta Foruzaingoak aldi banatan esku hartu behar izan zuten. Itxita egoten ez dakien jendea ere etorri zelako. Pandemia garaian tabakoa erostera irten zitezkeen. Atera, baina alkoholikoa zen eta edateari eman zion. Haren berri eman zuten, Guardia Civila agertu zen. Jaso nahi zuten, ez zuen nahi. Azkenean, hots egin ziguten aterpean ote zegoen galdezka. Haren bila joan nintekeen galdetu zidaten. Hori ez da nire lana. Baina gizarte kezkagatik joan, harekin egon eta, lasai gelditzeko, mozkorraldia pasa eta joanen gara aterpera. Hara ezin dute edanda sartu. Azkenik, ez zuen etorri nahi izan. Uko egin zion. Ziegan bukatu zuen. Ez dakit zer gertatu zen, Iruñean bukatu zuen.
Izan genuen arrisku pixka bateko beste egoera buru osasuneko arazoak zituen pertsona batekin izan zen. Ezin zen geldi egon. Ezin zuen ezta lorik egin, handik hona egon beharra zuen. Aterpean zegoen jendea urduritu zuen. Abisuak eman eta gero esan nion han ezin zela egon, aterpea ez zela berarendako toki egokia. Hurrengo egunean joan beharko zuela. Ez zuen ulertzen. Atean genuen. Eztabaidan hasi, bulkaka hasi zen. Foruzainek ikusi zuten, etorri ziren. Pertsona hura beldurtu eta joan egin zen. Foruzainek harrapatu zuten. Ezagutzen zuten, bazekiten arazoak zituela. Ohikoan arazoak sortu ditzaketenak adikzioak edo alkoholismoa bezalako osasun arazoak dituztenak dira.
Itxiera tokatu zitzaienek bi hilabeteak hemen eman zituzten?
Zoritxarrez ezin izan zen horrela izan. Hilabeteak egon zen jendea egon zen, ahal zuen guztia. Baina gero joan egiten ziren. Bestetik, Iruñeko Gizarte Zerbitzuetatik hots egiten zuten plaza hutsak ote genituen galdezka. Jakinarazten genien iritsiera ordenaren arabera ematen genituela. Ez dakit zergatik, baina kontua da Iruñeko jendeak ez duela hona etorri nahi. Aldaketa handia da, hiritik herrira. Ez dira ohitzen, edo ez dute nahi. Uste dut handik bi pertsona etorri zirela. Gutxi egon ziren eta, atzera, buelta egin zuten.
Pandemia aurreko erabiltzaile kopurura bueltatuko da aterpea?
Aurreko hilabetean nahikoa ongi pasa zituen. Atzera ere, jendea pasatzen hasi zela ikusten zen. Ezin dut aurreikusi zer gertatuko den. Entzun diegu lehendik arazo fisikoak edo osasunekoak zituzten erabiltzaile batzuk dagoeneko gurekin ez daudela. Galdutako erabiltzaileak dira. Baina krisiak eta pandemiak erabiltzaile berriak sortuko ditu. Uste dut erabiltzaile gutxiago izanen direla, baina ezin dut zehazki jakin.
Eta eguraldiak eragiten du aterpearen erabileran?
Nahiko, bai. Hotz handiagoa egiten duenean, jende gehiago etortzen da. Itxita edo toki batean egotera ohituta ez dagoen jendeak udan, esaterako, basoan edo beste nonbait egon daiteke. Esan izan digute udan kalean egotea nahiago dutela. Bai, ziklo moduko bat dago, eta hotz handiagoa egiten duenean aterpeko babesa gehiago bilatzen da.
Esandakoa esanda, nolakoa da zuen lana?
Nahikoa atsegina da. Egitekoa asko gustatzen zaigu. Elena eta biok hemen egoteaz pozik gaude. Gainontzeko aterpeen modura arazo asko ditugu, baina pozik gaude. Jendea laguntzeko gaude eta, horrek, aurrera egiteko bultzada ematen digu.