Astekaria

Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Plana onartuta

Guaixe 2021ko aza. 2a, 12:52

Altsasuarrak Amaia kalean.

Planak Altsasu erosketetarako Sakanako erreferentzia puntu gisa sendotu nahi du, eta, horretarako, hiru ildo estrategiko eta hamar jarduera ardatz ezarri ditu. Gaur egun Altsasun 163 establezimendu daude: 81 (%49,7) txikizkako merkataritza, 31 (%19) ostalaritza eta 51 (%31,3) zerbitzuak.

Altsasuko Dendarien Elkarteak bultzatuta, eta Altsasuko Udalak sustatuta, herrian dagoen eskaria eta eskaintza aztertu ondoren, Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Plana egin da. Planaren helburua da altsasuarrek bertan kontsumitzen jarraitzea eta bisitatzen dutenak erakartzea lortzea, herria animatuz eta integratuz. 

Diagnostikoak agerian utzi du erosketak herritik kanpo egiteko ohitura oso errotua dagoela ibarrean, batez ere norberaren eta etxeko ekipamenduarekin lotutako produktuei dagokienez. Iruñeko eta Gasteizko merkataritza eremuak erreferente argia dira Altsasuko eta Sakanako gainerako herrietako biztanleendako. Herritik kanpo erosteko ohitura bereziki nabarmena da gazteen artean (18 eta 35 urte artean). Gainera, Internet bidezko erosketak gero eta jarraitzaile gehiago ditu kolektibo horretan. Diagnostikoan, merkataritza hirigintzan eta udalerriaren hiri erakargarritasunean jarduteko beharra ere aipatzen da. Lorategien egoera, aire zabaleko espazio estalirik eza, edukiontzien kokapena eta horien kudeaketa hobetzeko puntuak dira. 

Gaur egun Altsasun 163 establezimendu daude: 81 (%49,7) txikizkako merkataritza, 31 (%19) ostalaritza eta 51 (%31,3) zerbitzuak. 2018an gaur egun baino 24 merkataritza eta zerbitzu establezimendu gehiago zeuden Altsasun, %15,4ko jaitsiera eta tarte berean ostalaritzako zazpi establezimendu gutxiago daude, %18,4ko jaitsiera. 

Lan ildoak
Helburu hori lortzeko planak zehazten duen lehen lan ildoa merkataritza espazioan esku hartzea da, eta, horretarako, hiru neurri proposatzen ditu. Batetik, kaleko paisaia eta harmonia. Bestetik, ibilgailuak aparkatzeko aukera erraztu behar da. Egileak nabarmentzen dutenez, Altsasun nahikoa aparkamendu plaza daude, baina haien erabilera “ez da oso komertziala, eta kanpoko bisitari eta bezeroek arazoak dituzte ”. Eta, azkenik, hutsik dauden merkataritzako lokal hutsen erabilera sustatu. Izan ere, Altsasun 240 lokal daude, haietatik 163k aktibitatea dute (%67,9), eta gainontzeko  77ak (%32,1) hutsik daude. Kalekoa horrela dago egoera: Burunda %80, Erkuden eta Gipuzkoa %60, Intxostian %47,1, Intxaurrondo %44,4, Gartzia Ximenezen %41,4, Zelai %33,3, San Joan %32,7 eta Zumalakarregi plazan %15,4. Lokal hutsek zabalik daudenengan kontrako eragina sortzen dute. 

Bigarren lan ildoa eskariaren sustapena egitea da, altsasuarrak herrian kontsumi dezaten, eta bisitariak erakartzeko. Horretarako, lau jarduera aurreikusi ditu planak. Lehenik, astebururako plan eskaintza egitea. Bigarrenik, haur parke gehiago jartzea eta gune estaliak sortzea. Hirugarrenik, merkataritza eta turismo seinaleztapena jartzea. Turismoari lotuta, laugarren jarduera ostalaritza sustatzea jasotzen du planak. 

Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Planaren hirugarren lan ildoak tokiko eragileen arteko lankidetza eta elkarlana bulkatzea du helburu. Hori hala izateko merkataritza mahaia sortzea proposatzen du batetik. Bestetik, segidarik ez duten negozio edo enpresa jarduerei jarraipena emateko, haien eskualdatzea erraztuko lukeen transmisio zerbitzua bulkatzea ezinbesteko jotzen du. Eta, azkenik, tokiko elkarteekin koordinatutako jarduera agenda bat sustatzea, eta elkarlana. 

Plana egiterako garaian Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren finantzazioa izan du. Planak 10.459,85 euroko kostua izan du (BEZa barne), eta horietatik Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak 8.367,88 euro ordaindu ditu, eta Altsasuko Udalak 2.091,97.