Saskibaloia

CBASK-Jatormanek irrist egin du azkeneko bi partidatan

Guaixe 2021ko urr. 29a, 09:30

CBASK-Jatorman azken ligako Lauko Finalean.

Larunbatean galdu egin zuen Liceo Monjardinen kontra eta asteazkenean ezin izan zuen Basket Navarra mendean hartu

Autonomien Arteko 2. Mailako 2021/2022 denboraldia hasi da. Kategoria horretan Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen dira, CBASK Jatorman taldea tartean. Aurreko denboraldian talde altsasuarra ligako txapeldunorde izan eta gero –Altsasun sekulako giroarekin jokatutako Lauko Finalean 81 eta 74 galdu zuen CBASK Jatormanek San Cerninen kontra–, denboraldi berriari gogotsu ekin dio talde altsasuarrak. 

Denboraldia duela bi asteburu hasi zen. CBASK Jatorman Enerparking Basket Navarra taldearekin jokatzekoa zen, Arrosadian, baina partida urriaren 27ra atzeratu zuten. Hortaz, urriaren 16an Zelandin jokatutako 2. jardunaldiarekin mustu zuen denboraldia CBASK Jatormanek. Eta modu ikusgarrian, Avia Zizur Ardoi taldeari 20 puntuko aldearekin irabazi baitzion (71 eta 51).

Aldiz, aste honetan jokatutako bi partidak alde gutxigatik joan zaizkio CBASK-Jatormani. Liceo Monjardin taldea izan zuen aurkari larunbatean Iruñean. Partida borrokatuan Liceok ateratako aldea mantentzen jakin zuen eta 61 eta 53 irabazi zion talde altsasuarrari, 8 puntuko aldearekin. Eta asteazkenean lehen jardunaldiko atzeratutako partida jokatu zuten Basket Navarrak eta CBASK-Jatormanek. Kasu honetan ere puntu gutxigatik erabaki zen partida, baina garaipena Iruñean geratu zen (76 eta 67). 

Autonomien Arteko Bigarren Mailako lider San Ignacio da (sei puntu), eta CBASK-Jatorman bederatzigarren postuan dago (lau puntu). Asteburuan ligako laugarren jardunaldia jokatuko da eta CBASK Jatorman Humiclima taldearen kontra aritzekoa zen, baina partida atzeratu egin dute, datorren urteko otsailaren 16ra arte. 

Bestalde, Bigarren Senior Mailan jokatzen duen CBASK-Ifuel taldeak 2 punturengatik galdu zuen Mendillorri Egüesen kontra (77 eta 75). Sailkapenean zortzigarren da talde altsasuarra, partida bat gutxiagorekin, eta larunbatean seigarren den Gares taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan.