Urriaren 24an Irañetan jokatutatuko Sakanako Herri Kirol Egunean erakustaldia egin zuen.
Zer moduz aritu zara Sakanako Herri Kirol Eguneko Irañetako erakustaldian?
Oso gustura. Hasieran urduri nengoen, duela asko ez bainuen aizkorarekin entrenatzen. Hasieran kosta egin zait, baina gero hobeki.
Gainera pandemiatik hau zen lehendabiziko Sakanako Herri Kirol Eguna eta murrizketarik gabeko lehen erakustaldia.
Bai, lehengoa izan da, eta gustura. Gainera, mozketa zela, adarra zela… denetatik tokatu zait eta ahal duguna egin dugu.
Aizkora izugarri gustuko omen duzu txikitatik.
Bai, oso. Bederatzi urte nituela Sakanako Aizkora Eskolan hasi nahi nuen, baina esan zidaten hamar urteak beteak izan behar nituela sartzeko. Zain egon nintzen eta hamar urte bete bezain pronto eskolan hasi nintzen.
Beraz, zuk argi zenuen Sakanako Aizkora Eskolan hasi nahi zenuela.
Bai, oso argi, txikia nintzenetik.
Etxekoek zer esaten zizuten?
Oso zaila zela, arriskutsua. Aizkora bat arriskutsua da kontrolatzen ez baduzu, baina hartzen duzunean eta hastean zarenean, ongi. Nik nirean jarraitu nuen, Sakanako Aizkora Eskolan hasi nahi nuela, hasi nintzenera arte.
Zenbat urte daramatzazu eskolan?
Lau urte. Datorrena, 2022koa, bosgarren urtea izango da.
Zer moduzko irakasleak dira erdoziatarrak? Juanito, Miguel Angel, Juanjo…
Oso irakasle onak eta oso jatorrak. Asko laguntzen didate.
Juanitoren lesio bat tarteko, aurten beranduago ibili zineten Sakanako Aizkora Eskolan, uda aldera, baina datorren ikasturtea betiko moduan hasiko da, martxoan.
Bai, hala uste dut. Normalean martxoan hasten da, eta hiruzpalau hilabete izaten dira, 18 klase inguru.
Sakanako Aizkora Eskolak sekulako arrakasta du. Jende askok ematen du izena, eta dauden tokiak berehala betetzen dira.
Bai, beti. Joan den urtean zozketa egin behar izan zuten jende gehiegi zegoelako izena emanda. Niri eskolara joatea tokatu zitzaidan, eta oso gustura.
Zu zara neska bakarra?
Bai. Aurreko ikasturtean neska batek izena eman zuen, baina lehenengo egunean hasi zen, ez zitzaion gustatu eta ez da bueltatu.
Neska bakarra izateak deseroso sentiarazten al zaitu?
Ez, niri berdin zait. Batzuetan agian ez dakit presioa ote den baina halako zerbait senti dezaket neska bakarra naizelako, baina aparteko ezer ez. Oso gustura noa eskolara eta erakustaldietara.
Irañetan asko animatu zaituzte.
(Kar, kar…) Beno, ez dakit.
Aizkoran teknika oso garrantzitsua da. Teknika hori ikasten ari zarela nabaritzen duzu?
Aizkoran dena da teknika. Indarra ere behar da, eta erresistentzia pixka bat ere, besoetan gehienbat, nahiz eta hanketan ere bai, baina teknika da garrantzitsuena, eta hor gabiltza.
Zorte on eta ea datorren urtean halako hamaika erakustaldi egiten dituzuen!
Bai, eskerrik asko!!!