Gaurkoan Altsasuko Gazte Asanbladak aurreko ikasturteko kuadrillen prozesuaren zergatiari buruz hitz egitera gatozkizue. Azkeneko urte eta erdi hau bizi izan dugun zailenetarikoa izan da, gehienbat COVID-19ak azkartutako krisi kapitalista bete betean pairatzen ari garelako. Zentzu honetan, gure begiekin ikusten ari gara nola inguruko bizi baldintzak okertzen doazen, gazte langileongan batez ere.
Independizatzeko gaitasun ezak edota familiarekiko lotura ekonomikoak egunerokotasunean gazteok ditugun bizi baldintzak azaleratzen ditu. Hau ausazkoa izatetik haratago doan logika baten pean baino ezin da ulertu: burgesiaren etekinak ahalik eta handienak izatea bermatzeko gazteok funtzio ekonomiko bat betetzen dugu gizartean; soldata baxuen edota ordaindu gabeko praktiken bidez, adibidez.
Hartara, okertze unibertsal horren jakitun, herriko gazteriarekin prozesu bat abiarazi genuen. Lehenengo fasea, kuadrillen identifikazio eta biltzean zetzan, kuadrillako pertsona bakoitzak inkesta bat betearazteko asmoarekin. Galdetegi horretan, etxebizitza, ikasketa/lana, aisialdi eta Gazte Asanbladari buruzko galderak egin ziren. Hastapeneko fase honen xedeak, batetik, gazteekiko hurbiltasuna lortzea zen; bestetik, koiuntura lokala ezagutzeko datuak eskuratzea. Martxoan jarri genuen prozesua martxan eta urriaren hasieran, lehen fasea bukatutzat eman genuen 100 kuadrilla ingururekin lan egin ondoren.
Jada bigarren fasean murgildurik gaude, azken hilabeteetan jaso ditugun datuak analizatu eta interpretatzen. Beraz, esan beharrik ez dago hurrengo hilabeteetan gure jardunaren berri izaten jarraituko duzuela.