Ziklo-krosa

Mikel Regil txapeldun handia Berrizen

Guaixe 2021ko aza. 1a, 11:00
Mikel Regil Berrizko Ziklo-krosean. UTZITAKOA

Quesos Albeniz-Burunda taldeko txirrindulari altsasuarrak irabazi zuen igandean jokatutako Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusia junior mailan eta aurreko igandean Villarcayoko lasterketa irabazi zuen

Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Regil Fernandez altsasuarra ziklo-krosean primeran moldatzen dela ez da inolako sekretua. Joan den urtean Nafarroako selekzioarekin kadeteen mailako Espainiako Ziklo-kros Txapelketan aritu zen eta zilarrezko domina lortu zuen, Torrelavegan jokatutako proban ikusgarri aritu eta gero. Aurten ere kanpaina bikaina egiten ari da, bi garaipenekin borobildu duena: Villarcayoko lasterketa eta Berrizko Ziklo-Krosa. 

Berrizek utzitakoa
Igandean altsasuarrak Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusian parte hartu zuen, junior mailan. Lasterketa azkar, lehiatu eta lohitsuan merezitako garaipen ederra lortu zuen Regilek (36:18), Galder Leiza Zuberorekin (Zorribike, 36:21) eta Egoitz Hoyas Figuerasekin (Seguros Bilbao, 36:26) lehia oso estua izan eta gero. Bestalde, kadeteen mailan, bere taldekide Ekain Imaz Perez 25. postuan sailkatu zen (33:19.851), eta Hegoi Garcia Duran 61. postuan (39:47). 

Espainiako Kopa eta bestelakoak
Urriaren 9an Espainiako Ziklo-kros Kopako lehendabiziko proban parte hartu zuen Mikel Regilek, Pontevedrako Ziklo-kros Sari Nagusian, eta hamargarren sailkatu zen, Raul Mira Bonastre irabazletik (42:11) 35 segundora. Sailkapen orokorrean ere postu horretan dago altsasuarra.

Urriaren 16an Burgosko Medina de Pomarren bigarren sailkatu zen Mikel Regil, eta hurrengo egunean, urriaren 17an Villarcayoko lasterketa irabazi zuen eta Burgosko sailkapen orokorreko txapeldun izan zen altsasuarra. Bestalde, urriaren 10ean Xaxancx Nazioarteko Ziklo-krosean zortzigarren sailkatu zen, eta urriaren 19an Les Franqueses Gran Premin zortzigarren izan zen. Larunbatean Trapagan parte hartuko du, eta igandean Legazpin.