Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak Giza Eskubideei buruzko proiektuaren barruan Pertsonak gara programa dago. Urtean zehar eskubideen inguruan hausnartzeko hainbat ekimen antolatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta Sólo un metro de distancia antzezlana horren barruan sartzen da. Altsasuko udalaren laguntzari esker iritsi zen Sakanara. Haurren eskubideei buruzko lana ostiralean izan zen, Madrilgo Serena producciones-ek eskainita. Haurrenganako sexu abusuen gaia azaleratzen du, "pentsatzen duguna baina ohikoagoa den arazo bat", Antonio Castro Guijosa antzezlanaren egileak eta zuzendariak azaldu duenez.
Bi baldintza bete ziren Sólo un metro de distancia antzezlana sortzeko. "Alde batetik, haurrak izan zirenean sexu abusuak jasan dituzten pertsonak ezagutzen ditudalako" eta, bestetik, "Madrilgo Cuarta Pared-en ikerketa bat egiteko proiektu bat aurkezteko aukera sortu zen. Interprete askok pertsonaia bakar bat interpretatzeko aukeraren inguruko proiektua zen".
Proiektua aurkeztu zuen, eta ideia momentu horretan ikerketa egitea eta, ondoren, David Harrowerren Blackbird sexu abusuen inguruko antzezlan bat sortzea zen. "Katalunian eta Madrilen egin dute". Interes handia zeukan, baina ez zen atera. Horregatik, lagun batekin istorioa sortzea erabaki zuten. Denborarekin berriz hartu zuen eta "despertsonalizazio" ideia horrekin testua sortu zuen. Hau da, pertsonaia bat banatuta edo hedatuta ateratzen da aktore askotan. "Hori izan zen hazia".
Sólo un metro de distancia lanean, beraz, Ines-en istorioa kontatzen da. Haurra zenean sexu abusuak jasan zituen eta zauriak ixteko bidean ari da. "Testua idazteko jendearekin hitz egin dut, lagun psikologoa eta anbulantzia gidaria dena ere baditut, eta osatzen lagundu didate". Baina gehien bat El corage de Sara liburuan oinarritu dela esan du. "AEBtako bi psikologoek idatzi zuten eta abusuak jasan dituzten pertsonen faseak markatu zituzten".
Erronka
Lau aktorek kontatzen dute istorioa, aldi berean, pertsonaia nagusiaren papera hartzen dute. Antzezlanaren bigarren zatian aktore bakoitzak pertsonaia baten papera hartzen du. Prestatze prozesua "oso ona" izan zela esan du Castrok. "Berreskuratze ikuspuntutik lantzen dugu gaia, berreskuratze prozesua. Edozeinek izan ditzakegu zauriak, eta edozein errekuperaziotan eman daitezkeen egoerak ematen dira". Entseatzen zuten bitartean testua sortzen zuen, "eta oso polita zen ikustea testuak sortzen zituen emozioak".
Ana Mayo aktorea Ines da, eta entseatzen zeudenean testua irakurtzen "emozioak eutsi" behar zituela esan du. Pertsonaia "lotsatik" prestatu duela esan du. "Lotsak kulpara eramaten zaitu eta gertatu zitzaiona bere kulpa dela uste du. Gertatutakoa gogoratzean kanpora begiratzea kostatzen zaio". "Euspen" lan handia egin dute ere. "Hirugarren pertsonan kontatzen du, despertsonalizazioa ematen delako. Gertatu zitzaiona berari gertatu ez balitzaio bezala". Gai oso handia dela esan du aktoreak. "Emozioa dator, baina eutsi behar diozu". Aktore lan oso exijentea izan da, "erronka bat", oso kontzentratuta egon behar dute.
"Oso ongi funtzionatzen duen ikuskizuna da". MET eta Max sarietara izendatuta egon da. "Badu zerbait oso polita dena aktoreek harrapatzen zaituztela". Atmosfera polita sortzen dela esan du zuzendariak. "Momentu batzuetan sentsazio arraroa izan daiteke, baina baikorra da. Errekuperazio prozesu bat ari gara kontatzen, eta gozatzen da". Mayo, hain zuzen, sortzen den giro horrekin gelditzen da. "Nik baloratzen dut aretoan uzten duen oihartzuna. Jendea ukitua gelditzen da, alde positibotik". Gai oso tabu bat dela esan du aktoreak, "eta horrelako gai bat oholtzaren gainean jartzea eta erakustea… behintzat ikustarazteko eta publikoari petnsarazteko aukera ematen dugu".