Magia "freskoa, desberdina eta oso umoretsua" eskainiko du Hodei Magoak igandean, azaroaren 14an, igandea, 17:00etan, Iortia kultur gunean, aurreko asteburuan Etxarri Aranazko kultur etxean egon ondoren. Ezinezkoaren logika "amets bat" izan dela aipatu du Hodei Magoaren atzean dagoen Odei Domingo Mendiluce altsasuarrak. Publiko guztietarako magia ikuskizuna sortu du.
Zer da magia?
Niretako magia publikoari, unetxo batez, logika ez daukan zerbait erakustea da. Hortik sortu zen, hain zuzen, Ezinezkoaren logika. Azkenean, ezinezkoa da logika ez daukan hori, eta guk ilogikoa den horri logika jarriko diogu. Pixka bat aldrebestua da, baina nik uste oso ongi azaltzen duela zein den magoaren lana, eta hortik abiatu gara. Kontraesan horretatik sortu da ikuskizuna.
Eta zer da logika bilatu diozun ezinezko hori?
Asko kontatu gabe zaila da azaltzea. Duela bi urte inguru estreinatu genuen ikuskizun hau, 2019an; eta ikuskizunean magia fresko, dinamikoa eta desberdin bat proposatzen genuen. Publikoak ordura arte ikusi gabe zuena, eta kasu honetan pixka bat teatralizatuta dagoen magia ikuskizun bat da ere. Oso desberdina da ikusgarritasun bisual handia duelako. Ikuskizun honekin jendeak unetxo oso on bat pasako du; gaur egun oso beharrezkoa dena, kanpoko arazoak ahazteko aukera ona.
Jendeak magia behar du?
"Jendeak kultura behar zuen, eta guk, gainera, ilusioa gehitzen diogu"
Jendeak kultura behar zuen, deskonexioa, eta guk, gainera, ilusioa gehitzen diogu unetxo horri. Orduan, bai, magia aukera oso ona izan da. Nik nabaritu dut lana egin ahal izan dudalako eta jendea gogo handiarekin etorri da antzokira. Ez du beldurrik izan, eta ez du parte hartzeko beldurrik izan. Guk ez diogu jendearen parte hartzeari utzi, osasun neurri guztiak betetzen. Gogoa erakutsi dute beti.
'Ezinezkoaren logika' zure ikuskizun handiena da, ezta?
Bai. Momentuz egin dugun ikuskizun handiena da. Orain berria prestatzen ari gara, handiagoa izango dena. Ikuskizun hau da nik txikitan mago izan nahi nuela esaten nuenean irudikatzen nuen ikuskizun hura. Orduan, nire buruari "lortu duzu" esateko modu bat da. Gaztea zinenean hainbeste borrokatu duzun eta hain arraroa zen hura nire buruari erakutsi diot lortu dudala. Izan ere, 15 edo 16 urterekin "mago izan nahi dut" esaten nuenean, jendeak aurpegi arraroa jartzen zuen. Baina hau da amesten nuen ikuskizuna. Gainera, ikuskizunak ere horri buruz hitz egiten du: ametsei buruz. Oso berezia da niretzat.
Nola bete zenuen ametsa?
2019ko martxoan estreinatu genuen. Aurretik ibiltzen nintzen formatu txikiko ikuskizunak egiten, herrietako plazetan eta festetan. Horrelako proiektu handietarako finantzazio handia behar da, eta lan egin ondoren, aukera ikusi nuen. Zergatik ez naiz saiatuko? Pixka bat arriskatzea zen, antzokietarako zelako, beste formatu bat, zailagoa, baina horretarako etorri gara bizitzara: saiatzeko. Nire ametsa zen. Bi urteko prozesua izan zen, niretako guztiz desberdina zelako: askoz handiagoa eta prozesu guztiz zailagoa. Azkenean, lehenengo urtean beldurrarekin aritu ginen ez genituelako antzoki asko, baina kontrakoa dirudien arren, konfinamenduaren ondoren proposamen honekin gehiago mugitu gara. Aukera izan dugu mugitzeko, eta, garrantzitsuena, publikoari gustatu zaio.
Nolakoa izan zen sormen prozesua?
"Ikuskizunean magia fresko, dinamikoa eta desberdina proposatzen dugu"
Gure sormen prozesuak oso arraroak dira. Oso luzeak. Ideia magikoa sortu behar dugu, baita aurkezpena eta horren atzean dagoen guztia: istorioa edo ematen diozun gertaera. Ez da bakarrik magia, zerbait gehiagok egon behar du atzean; mezu bat edo kontakizun bat. Ondoren, eszenaratzea garatu behar da: argiztapena, soinua, koreografia… Pixka bat arraroagoa izan ohi da. Ikuskizun bakoitzean hamar edo hamaika joko egoten dira, eta horregatik luzatzen da prozesua denboran. Ikuskizun berria 2022an estreinatuko dugu, eta urte eta erdi daramagu prozesuarekin.
Dena da magiaren parte.
Pertsona bat edozein ikuskizun ikustera joaten denean errealitate horretan sartu behar da. Gure kasuan, gainera, magia egiten dugula, ez da bakarrik magia jokoa ikustea; jantzia, argiztapena, laguntzaileekin duzun harremana… Kapa asko daude, eta horiek elkartuta, hostopil bat izango balitz bezala sortzen da ikuskizuna.
Konfinamenduaren ondoren asko mugitzen ari zarete, eta ikuskizun berria sortzen ari zarete ere. Pandemiak lagundu dizu?
Ez. Lagun asko ditut magiaren mundu honetan eta askok esaten zuten pandemiak sormen momentuan lagundu diela. Etxean sartu eta sortzen hasi zirela. Barkatu, baina niri ez. Ni etxean nengoen, ezin atera, guztiok bezala, eta niretako horrela ezin da sormenik izan. Nik, normalean, kaletik noanean zerbait ikusten dut eta objektu horrekin zerbait egitea bururatzen zait. Taldean bildu eta zerbait ateratzen saiatzen gara. Etxean ezinezkoa zen hori egitea. Baina, bai, konfinamenduaren momentu gogorrenak amaituta, gogoak genituenez gauzak egiteko, ikuskizun berria prestatzen hasi ginen.