Sakon espeleologia taldeak Loizuko gizona Erro ibaiaren goiko arroan, Errotalde I kobazuloan, opatu zuen 2017ko azaroaren 20an. Balio handiko aurkikuntza da, Nafarroan aurkitutako giza gorputzik zaharrena delako, eta kontserbazio egoera aparta delako. 11.700 urte baino gehiago dituzte gorpuzkiek. Aurkikuntzaren garrantzia mundu mailakoa da.
Loizuko Gizakia lezetik ateratzeko eta ondoren aztertzeko lanei buruzko formatu handiko argazkiak ikusgai izanen dira Altsasun hurrengo bi astetan. Guztira 35 irudi dira, aurkikuntza garrantzitsu horretan lan egin duten erakundeek utzitakoak, baita barrunbearen topografia eta beste argibide panel batzuk ere. Erakusketa Nafarroako Espeleologia Federazioak antolatu du, Sakon Espeleologia Klubarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Kantabriako Historiaurreko Ikerketen Nazioarteko Institutuarekin elkarlanean.