Autonomien Arteko Saskibaloiko Bigarren Mailako seigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK Jatorman talde altsasuarrak Larraona Claret izan zuen aurkari eta 3 puntu eskasengatik gadu zen (61 eta 58).
Joan den urteko denboraldia ez du erraz ahaztuko CBASK Jatormanek: Altsasun jokatutako Lauko Finaleko final handian txapeldunordea izan zen San Cerninen kontra alde txikiaz galdu eta gero (81 eta 74). “Zalantzarik gabe, oso zaila izango da aurreko urteko denboraldira gerturatzera. Presio horrekin jokatzea ere ez da ona. Taldea aldatu zaigu, liga ere aldatu da, talde berriak daude... Denboraldi bakoitza ezberdina da eta aurtengoa nola doan, joango gara ikusten” azaldu du Iosu Mendiola Marañon entrenatzaileak.
Aldaketak
Autonomien Arteko Bigarren Mailan Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen dira. Aurten hamalau dira jokatzen ari diren taldeak. Aurtengo denboraldian, pandemia zela eta, ia bakarrik talde nafarren arteko partidak jokatu ahal izan ziren. “Mugak itxita zeudenez, Errioxara joateko arazoak zeuden. Horregatik liga gehiengoa nafarren artean jokatu genuen. Egoeraren aurrean ahal zena egin zen. Baina aurten talde guztiak gaude martxan, Errioxakoak eta Nafarroakoak” dio Mendiolak. Nafarroako taldeen artean San Ignacio, Ardoi eta Humiclima aipatzen ditu aurtengo faboritoen artean. “Nafarroako taldeen artean joan den denboraldiko joera berak jarraituko duelakoan nago. San Ignacio aurrean egongo da eta Ardoirekin ikusiko dugu zer gertatzen den. Goiko mailetan taldeak ditu Ardoik, eta zein jokalari deitzen duten goiko mailetan aritzeko, horren arabera talde hobea edo okerragoa izaten dute. San Ignacio eta Humiclima ere Lauko Finalean egon ziren joan zen urtean eta aurten ere hor egongo dira ziurrenik” uste du Mendiolak.
Errioxako taldeez ez du informazio gehiegirik. “Batzuk berriak dira, beste batzuez duela bi urteko informazioa dugu eta horrela ondorio gutxi atera daiteke, baina joango gara ikusten. Logrobasket eta Clavijo pixka bat gainetik egongo direla aurreikusten da, Cenicero eta Alfaro, dirudienez, pixka bat beherago. Eta Miranda de Argako Cronos Baloncesto taldea ere goian egongo dela dirudi” aipatu du. Hortaz, txapelketa irekia aurreikusten da.
Iosu Mendiola: "Taldea ontzeko prozesua dugu aurretik, pazientziaz hartu beharrekoa"
Egokitzapen urtea
CBASK Jatorman, non kokatuko da? Taldeek boladak izaten dituzte. Joan zen urteko CBASK Jatorman talde oso ona zen. Tartean Iñigo Zabalo Oiarbide altsasuarra zegoen, profesional izandakoa. Baina aurten aldaketa asko izan dira. “Iñigo aurten ez da momentuz gurekin ariko. Beste jokalari batek adinagatik utzi du eta beste batek kanpora joan behar izan du lan egitera, Dublinera. Beste jokalari bat aurreko denboraldiaren bukaeran lesionatu zen eta aurten ezingo du jokatu, eta beste batek ere ez du jokatuko. Hortaz, aurreko urteko bost jokalari gutxiago ditugu aurten, baina duela urte batzuk gurekin aritu ziren bi jokalari errekuperatu ditugu eta azpiko taldetik, senior mailatik, beste bi jokalari igo dira” aipatu du Mendiolak. Horiek dira aldaketak.
Hortaz, taldea dirudiena baino gehiago aldatu da urte batetik bestera. “Nahiz eta sei-zazpi jokalari mantendu, jokalari horien rola ere aldatu da, taldean garrantzia gehiago hartu beharko baitute. Gazteak ere taldean egokitzen joan beharko dute, taldera itzuli diren jokalariak ere moldatu beharko dira eta guztia kontuan hartuta, taldea ontzeko prozesu bat dugu aurretik. Gainera, ez dugu presarik izan behar. Pazientziarekin hasi behar dugu. Esaterako, joan den urtean erraz aterako genukeen partida bat aurten gehiago kostako zaigu, baina uste dut egokitze prozesua ongi eramaten badugu denboraldi erdi-bukaera aldera ongi ibiliko garela” nabarmendu du entrenatzaileak.
Hortaz, egokitzapen urtea izango da eta taldea gogotsu dago. “Aurreko urtean bigarren sailkatu bazara aurtengo helburuak edo aurreikuspenak jaistea kostatzen da, baina prozesu horretan gabiltza eta nik uste nahiko ongi eramango dugula. Aurtengoa denboraldi ezberdina izango dela ulertu behar dugu eta agian ondo aterako dela edo agian ez hain ondo. Ikusiko dugu” ondorioztatu du Mendiolak.
Beraz, aurtengo helburua “ahalik eta lan onena egitea” izango da. “Taldea aldatu da, liga aldatu da eta beste oinarri bat dugu, beraz, ezin ditugu joan den urteko helburuak planteatu. Ahalik eta lan onena egitea eta taldea ontzea, horiek dira helburuak”.
Hasiera
Asteburuan txapelketako seigarren jardunaldia dago jokoan eta orain arte hiru jardunaldi jokatu ditu talde altsasuarrak, beste bi partidak atzeratu dituztelako. “Zizur Ardoiren kontra nahiko erraz irabazi genuen, baina Liceo Monjardinen kontra azken unean galdu egin genuen. Gehiago kosta zitzaigun eta gutxigatik bada ere, partidak ihes egin zigun” aipatu du Mendiolak. Basket Navarraren kontra ere galdu egin zuten, eta larunbatean Larraona Clareten kontra 3 tanto eskasengatik galdu muten, 61 eta 58.
Altsasuko CBASK saskibaloi klubak indartsu jarraitzen du eta hori da garrantzitsuena. “Txikiek saskibaloia aukeratzen segitzen dute, harrobiko taldeak martxan daude eta etorkizun nahiko polita sumatzen da. Azpitik saskibaloian hasten direnen kopurua urtetik urtera handiagoa da, bai mutiletan eta bai nesketan, eta hori pozgarria da. Gero hori guztia ongi mantentzen bada eta ondo eramaten bada, hor dago etorkizuna” argi du arbizuarrak.
Aurten Nafarroatik atera beharko dute Logroño eta Miranda de Ebro aldera, partidak jokatzera. “Planen bat egingo dugu, taldekideak oso harreman ona baitugu eta halako irteerak politak direlako. Izan ere, gure artean dugun giroa eta harreman on hori mantentzea da xedea. Inor ez da honetaz bizi behar, eta ongi pasatzeko ere gaude honetan” dio, irribarrez, Mendiolak.
Larunbatean, San Ignacio liderraren kontra
Autonomien Arteko Bigarren Mailako liderra San Ignacio taldea da (12 puntu), Larraona Clareten aurretik (11 puntu). CBASK Jatorman hamahirugarren postuan dago (5 puntu), bi partida gutxiagorekin, bi partida atzeratuta baititu. Larunbatean Altsasuko taldeak San Ignacio liderra hartuko du Zelandin, 18:00etan, eta partida berezia izango denez, zaleei taldea animatzera joateko deia egin diete.
Iosu Mendiola: "Egokitze prozesua ongi eginez gero, denboraldi erdian txukun ibiliko gara"
Autonomien Arteko Bigarren Maila 2021/2022. CBASK Jatorman
Jokalariak: Unai Mundiñano (4), Ander Gabirondo (7), Jon Otermin (10), Aitor Calleiras 11), Jorge Misiego (12), Aimar Azpiroz (13), Moha Aboufaris (14), Iker Claver (15), Ander Hormeño (17), Pello Iraola (18) eta Unai Flores (19).
Entrenatzailea: Iosu Mendiola.
Laguntzaileak: Unax Ijurra eta Igor Martinez.