Joan den urtean ezinezkoa izan zen, baina aurten bueltan da Altsasuko Zubeztia elkarteak antolatzen duen Oinezko Lasterketa Herrikoia edo Alberto Barricarte Memoriala. Aurten 37. edizioa izanen da eta ohi bezala abenduaren 8an izanen da, 11:30ean, Zubeztia elkarte paretik abiatuta. 18 urtetik gorako gizonezkoek eta emakumezkoek hartu ahal izango dute parte, eta izena ematea dagoeneko zabalik dago Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren webgunean (3 euro). 10 kilometroko lasterketa da, Altsasu herri gunean antolatutako zirkuituan egiten dena, eta San Silvestrea prestatzeko aproposa dena.
Candi Arnanzi agur
Altsasun atletismoa sustatzen lan nekaezina egin duen Candi Arnanz Garcia berriki zendu da. Gazteetan korrikalari fina izan zen Arnanz, eta zendu arte atletismoa sustatzeko makina bat lan egin izan zuen. Candi Arnanz izan zen Barricarte Memorialaren sortzaileetako bat, eta azkeneko edizioan, 2019.ean, omenaldia jaso zuen, Victorino Lopez de Goikoetxearekin eta Gregorio Riezurekin batera.