Ludoteka, kontziliaziorako bide bat

Guaixe 2021ko aza. 22a, 09:29
Haurrak ludotekan mozorrotuta. ARTXIBOA

Aisiaz blai programaren bidez, Txantxari udal ludotekak eguberrietarako eskaintza prestatu du abenduaren 23tik 31ra eta ilbeltzaren 3, 4, 5 eta 7rako.

Neguko oporrak abenduko laugarren astean hartuko dute haurrek. Opor garaian familia ardurak eta lanarekin ezin uztartu egoten dira. Horren jakitun, Altsasuko Txantxari udal ludotekak kontziliazioa  errazteko Aisiaz Blai programa eskainiko du neguko oporretan. 3 eta 12 urte arteko haurrak ludotekan 08:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute. Ordutegi hori beteko ez balitz, bigarren aukera 11:00etatik 13:30era izanen da.

Txantxari udal ludotekara seme-alabak eraman nahi dituztenek haien izenak eman beharko dute hilaren 22tik 26ra. Horretarako, 012 edo 948 012 012 telefonoetara hots egin behar da, edo www.altsasu.eus web orriaren bidez izen ematea egin. Matrikulari dagokionez, familien diru-sarreren, errenta-aitorpenaren arabera hamar prezio ezarri dituzte. Horretarako eskubidea duten familiek hobariak eskuratzeko aukera ere izanen dute. Argibideak Txantxari udal ludotekan emanen dituzte, 948 467 471 telefonoan edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidean.