Astekaria

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako ikasgaia

Guaixe 2021ko aza. 23a, 09:31

Ikasleen lanekin osatutako eskua. ARTXIBOA

Altsasuko Udalak bigarren hezkuntzako ikasleen artean sentsibilizazio kanpaina eginen du.

Altsasuko lau ikastetxeetako 298 ikasleek (182 mutilek eta 116 neskek) Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko gazteen hitza sentsibilizazio kanpainan parte hartuko dute. Altsasuko Udalak antolatutako ekimen hori bi eskaintzaz osatuta dago. Alde batetik, antzerki foruma, nor bere istorioa sortzeko. Antzerki formatua baliatuta, besteak beste, honakoak landuko dituzte: jeloskortasuna, teknologia berrien bidezko kontrola harremanetan, bikotekide bakoitzak bere gain hartzen dituen rolak, bakoitzaren erantzukizuna harremanean eta genero-indarkeriaren zikloaren etapak. Gainera, proiektuan parte hartzen ari direnen galdera guztiak landuko dira. 

Idoia Goikoetxea Gomez berdintasun teknikariak azaldu duenez, “gidaria antzezpena eteten ibiliko da, publikoari nola sentitzen den, gertaturikoari buruz duen iritzia, antzeztutako istorioan ezer aldatuko lukeen eta bestelakoak galdetzeko. Momentu horietan parte hartzera animatuko du, protagonista izan dadin pertsonaien harremanaren aldaketan”. Iortia kultur guneak bi egunetan bina saio hartuko ditu gaur gaztelaniaz eta abenduaren 17an euskaraz. Saio horietara DBHko 4. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleak joanen dira, guztira 167 (47 neska eta 120 mutil). 

Tailerra 
Antzerki forumaz aparte, indarkeriari buruzko spotak egiteko tailerrak antolatu ditu Altsasuko Udalak. Goikoetxeak argitu duenez, “tailerretan irudi, esaldi, collageak landuko dituzte, ondoren spot bana egiteko. Ostegunean ikastetxeetan bertan zabalduko dituzte, kanpaina moduan”. Horretan ariko dira Batxilergoko 1-eko, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Ikastola eta Sagrado Corazon ikastetxeko DBH 4ko ikasleak, 131 (69 neska eta 62 mutil).