Helena Tabernak Nafarroako aitortza jaso du

Guaixe 2021ko aza. 22a, 10:17
Helena Tabernak Karlos III. Noblearen gurutzea jasotzen Maria Chiviteren esku. NAF. GOBERNUA

Altsasuko zinemagileak Karlos III. Noblearen gurutzea jaso du Nafarroaren oparotasunaren alde egindako lanagatik. 

Nafarroako Gobernuak 1997. urtean sortu zuen Karlos III.a Noblearen Gurutzea. Helburua gizartearen aurrerapenean edo herrialde kanpoan ezagutzera ematera nabarmen lagundu duten pertosnak eta erakundeak saritzea da. Aurten Helena Taberna zinemagile altsasuarrak, David Beriaine kazetariak hilondoko aitortzan, Florencio Domínguez kazetariak, Lorenzo Sarratea abeltzainak eta Isabel Sota ikertzaileak eta koronabirusaren adituak jaso dute aitortza. Saridunen "talentua eta gizartearekiko konpromisoa" nabarmendu ditu María Chivite Nafarroako presidenteak ostiralean egindako ekitaldian. 

Helena Taberna zine zuzendari, ekoizle eta gidoilari izan zen gurutzea jasotzen lehena. Nafarroako Gobernuak kulturari eta zinemari lotutako ibilbidea aitortu du. Tabernak 2002. urtean Lamia Producciones ekoiztetxea sortu zuen, eta 2006. urtean CIMA Zinegile eta Ikus-entzunezkoen Emakumeen Elkartea sortu zuen. Jaioterrian eta "ia egiten ari naizen guztia sortu zen" tokian egoteagatik "oso pozik" dagoela esan zuen Tabernan gurutzea jasotzean: "Nire herriaren eta emakumeen historia kontatu nahi izan dut. Oinarrian, bi gauza horiek dira nire zinema sortzen dutenak".


Ezkerretik eskuinera, behean, Unai Hualdea, Nafarroako Parlamentuko presidentea; Oihan Ganuza Alemán Tabernaren biloba; Alicia Alemán Mendibe Tabernaren erraina; Helena Taberna zinemagilea; Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria. Goian, Olaia Iturregui Vicondoa, Pilartxo Gabin Sazatornil eta Helena Martínez Jiménez Tabernaren lagunak.