Arte historia ikasketekin hasi zen eta ikerketa feministak "asko interesatzen zitzaizkion. "Zaila izan arren" ikerketaren munduan sartu zen Jone Rubio Mazkiaran altsasuarra. Master bat egin zuen eta BERRIAn arte kritikak idazten ditu. "Horretan nabil". Doktoretzarekin hasi zen, eta aurreko urtean Uharte Zentro Garaikidean beka bat lortu zuen bere tesiaren alor baten inguruan ikertzeko. Bihar, asteartea, azaroak 23an, Sakanako Mankomunitateak azaroaren 25aren harira antolatutako egitarauaren barruan Españolas en Paris filmaren solasaldian parte hartuko du Maialen Galarza Izagirre antropologoa eta gizarte langilearekin eta Mikel Claver Herrera historialari eta ikus-entzunezko komunikazio graduatuarekin. 17:00etan izanen da, Urdiaingo auzoan.
Zein da zure arte historiaren alorra? Zeri buruz ari zara ikertzen?
Euskal testuinguruko espazio publikoetako iruditeri patriarkalak eraldatzeko gaitasuna duten ekintzak, performanceak eta abar lantzen ditut. Batez ere metodologia bat da. Hortik lantzen ditut egiten ditudan gauza gehienak. Hori oinarritzat hartuta beste gauzekin hasten naiz. Dena den, tesiaren kontua lauhileko honetan pixka bat alde batera utzi dut Uharte Zentroan ari naizelako komisariotza proiektu bat lantzen; Uholdeak proiektua. Aurten ni naiz komisarioa.
Zure lehenengo komisariotza?
Bai. Iruzurtiaren sindromea esaten dioten hori sentitzen dut. Gainera, neska gaztea izanik, areagotzen da.
Arte historiak duen lan irtebide bat da, ezta?
Bai. Gehien bat arte garaikidea ikasten baduzu. Beste garai batzuk lantzen badituzu ere, baina arte kritikak eta komisariotzak lotura handia dute gaur egungo azken joerekin. Ea zer ateratzen den.
Zergatik artearen historia?
Betidanik gustatu zait artea, musika, zinema eta dena delakoak. Hasiera batean historia ikasi nahi nuen. Baina ikas plangintzak ikusten egon nintzen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan artearen historia, historia euskarrien puntutik lantzen duelako. Musika aztertzeko aukera eman dit, esaterako. Musika pila bat gustatzen zait, eta horretan aritu naiz ere.
Ez dira ikasketa oso ohikoak.
Ez. Eta behin ikasketak amaituta ere aukerak ez dira asko. Egia da nahiko mundu prekarioa dela. Ez du jende askok ikasten, eta sisteman ez du eraginkortasun handirik. Nabaritzen da.
Zergatik arte eta historia garaikidea?
Hasiera batean gehien gustatzen zitzaidan aroa antzinaroa, mesopotamia eta abar ziren. Agian txikitatik landu dugulako. Arte garaikidea ez dugu asko lantzen. Orduan, karreran aurrera egin ahala hasi nintzen arte garaikideari buruzko gauzak ezagutzen eta, batez ere, 1970ko hamarkadan eman ziren adierazpen feministak ezagutu nituen. Feminismoarekin lotuz oso interesgarria iruditu zitzaidan arte garaikideak zuen papera. Horretan zentratzen hasi nintzen.
Zein da arte garaikidearen egoera?
Nik uste ez zaiola balore handirik ematen. Merkatuaren aldetik agian bai, baina hori da agian artearen alor itsusiena. Baina egia da artea eta kulturaren mundua dagoela nahiko prekarizatuta. Hausnarketa behar duen alor bat da, eta ez da interesatzen hausnarketa hori bideratzea. Orduan, artea aipatzen denean jendeak ikuspuntu estetiko batekin lotzen du; ez hausnarketara. Arte garaikidearekin hori gertatzen da: jendeak ez du ulertzen delako erakusten arte hau.
Arte hezkuntza beharrezkoa da. Arte kritikariek lan horretan laguntzen duzue?
Saiatzen naiz, baina ikasketa asko egin ditut eta batzuetan nire jarrera horren inguruan hitz egitea izaten da. Nire ikuspuntu propiotik lantzen ditut gauzak. Azkenean, arte kritikan auzi batzuk daude: zertarako egiten duzu arte kritika? Artista batzuei buruzko kritika egiteko eta haiek ongi doazen jakiteko? Gustuko duzuna edo ez duzuna esateko eta artistek hausnarketa egin ahal izateko? Edo jendea hezteko? Batzuetan saiatzen naiz gauza dibulgatzaileak egiten, eta beste batzuetan oso interesgarriak iruditzen zaizkit erakusketa baten inguruan idazten dut, nire ikuspuntutik edo ikasketetatik.
'Españolas en Paris' zineforuma eginen duzue. Nola sortu zen hirurak elkartzeko ideia?
"Filmaren inguruan hausnartuko dugu; hezitzeko modu bat da, filmak ikusten ikasteko modu bat"
Ikuspuntu desberdinak lantzea interesgarria iruditzen zitzaigun. Azkenean, lortu genuen alor desberdinak tratatzen dituzten pertsonak. Nik aurreko urtean Katakraken Sorgin ehizaren inguruko ziklo batean parte hartu nuen, eta Amaia Abuzide berdintasun teknikariari interesgarria iruditu zitzaion. Sakanan zineforum bat egin nahi zuen. Filma ikusi aurretik aurkezpen txiki bat egingo dugu, eta publikoari esango diogu nondik nahi dugun pelikula ikustea. Horren ostean bakoitzak azalduko du ikusitakoa, eta guztion artean filmaren inguruan hausnartuko dugu. Hezteko modu bat da. Filmak ikusten ikasteko modu bat.
Parisera bizitzera joaten diren emakumeen egoerak eta arazoak planteatzen ditu. Protesta film bat dela esan daiteke?
Badu bere puntu iraultzailea lantzen dituen gaiengatik. Filma frankismo garaian egin zen. Badira gauza batzuk kritikagarriak direnak, eta horregatik ez dugu hartu behar guztia eredu bezala. Baina baditu gauza batzuk hausnarketara eramaten gaituztenak. Garai hartan jazarpen asko eta errepresio handia zegoela erakusten du, baina jendeak horren inguruan hausnartzen zuen ere.