Antzerkiz beteriko asteburua

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko aza. 23a, 11:35

Tarima Beltza Dulantziko antzerki jaialdian. UTZITAKOA

Tarima Beltzak antzerki taldeekin elkartrukeak egiten ditu, eta larunbatean Abadiñoko Banarte antzerki taldea Iortia kultur gunean izan zen '¡Ese no!’ antzezlanarekin. Altsasuko antzerki taldeak Dulantziko antzerki jaialdian parte hartu zuen, igandean. 

Pandemiak "min handia" egin diela esan du Juan Manuel Herrero ‘Zapa’ Tarima Beltza antzerki taldeko kideak. 2020ko martxoan emanaldiak bertan behar utzi behar izan zituzten, eta ia bi urte hauetan A la deriva antzezlana "mugitu" duten arren, ekonomikoki osasun egoerak eragina izan du taldean. Pixkanaka egoerari buelta ematen hasi dira, eta urte bat beranduago Abadiñoko Banarte antzerki taldea Iortia kultur gunearen oholtzan izan zen. ¡Ese no! komedia egin zuten larunbatean. Afaltzera biltzen den lagun talde baten istorioa kontatzen du. Emakumezkoa haurdun dago eta haurrarendako izena eztabaidatzen hasten dira.

Tarima Beltzak antzerkiarekin izanen duen bigarren zita igandean izan zen: Dulantziko antzerki amateur jaialdian parte hartu zuen, igandean. Jaialdiaren hamabosgarren urteurrena da, bederatzi taldek hartzen dute parte, eta asteburuan, azaroaren 27an, amaiera gala eta sari banaketa eginen dute.

Abadiñotik
Banarte taldearen eta Tarima Beltzaren arteko harremana aspaldi sortu zen. Antzerki jaialdi batean topo egin zuten, eta ordutik asko izan dira bi taldeen arteko elkartrukeak: Tarima Beltza Abadiñon egon da, eta Banarte Altsasun. Hain zuzen, aurreko urteko udazkenean, 2020an, etortzekoa zen Banarte antzerki taldea Salvador Puig Artich garrote bilean erail aurretiko azken orduak kontatzen zuen antzezlanarekin. Baina koronabirusak eragindako egoeragatik, bertan behera utzi behar izan zuten. Birusak Abadiñoko taldean "gogor jo" zuela esan du Zapak, eta kide bat larri gaixotu zen. "Baina zorionez orain primeran daude". Drama alde batera utzi dute, eta "guztiz kontrakoa den" proposamena taularatuko zuten Altsasun: ¡Ese no! komedia. "Oso ongi datorkigu pixka bat barre egitea".

Taularen gainera itzultzeko gogoa zuen Tarima Beltza antzerki taldeak ere, baita proposamen berriak ekartzeko gogoa ere. "Laguntza handiena beste taldeekin egiten ditugun elkartrukeetatik lortzen dugu". Horregatik, pandemiak "min handia" egin dio Altsasuko antzerki taldeari. "Kanpoko taldeak ekartzen ditugunean, sarreren irabaziak taldearendako dira. Gu beste toki batera joaten garenean, lortzen dituzten irabaziak beraiendako dira". Horregatik dira hain garrantzitsuak taldeen artean egiten dituzten elkartrukeak. Duela zenbait urte antzerki zikloa antolatzen zuten, eta gaur egun, deitura hori ez badu ere, asko dira Tarima Beltzari esker Iortia kultur gunean aritzen diren Castroko, Valladolideko, Donostiko eta beste zenbait lekutako antzerki taldeak.

Jaialdia
"Asteburu betea" izan zuten Tarima Beltzako kideek. Larunbatean Abadiñoko Banarte taldea hartu zuten Altsasun, eta igandean Dulantziko antzerki amateurreko jaialdian parte hartu zurten. "Sorpresaz harrapatu gintuen. Iaz bertan behera gelditu zen, eta bere garaian, martxoan-edo, eskaera egin genuen". 99 talde aurkeztu dira jaialdira, eta antolakuntzak bederatzi aukeratu ditu; tartean Tarima Beltzaren Madres y Pasotas komedia. Madrileko, Alikanteko, Gasteizko, Bizkaiko… taldeek parte hartuko dute. Dulantziko antzerki jaialdia hiru asteburutan ospatu da, azaroaren 5ean hasi eta 21ean amaitu zen. Azaroaren 27an amaiera gala eta sari banaketa eginen dute. "Flipatzen gaude". Azkenak izatea eskatu zuten, aspaldi ez dutelako antzezlana egiten.

Hasierak
Pandemian aurretik Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuarekin batera A la deriva lan "gogorra" mustu zuten. Hainbat emanaldi egin dituzte, eta "oso pozik" daudela esan du Zapak. Baina "emozionalki, fisikoki eta psikologikoki" esfortzu handia eskaintzen zuen lana zela aitortu du. Erregistroz aldatzea gogoa zuten, "gure buruaz barre egiteko gogoa". Ion Barbarin taldeko zuzendariarekin hitz egin, eta obra berriarekin hasteko prest zeuden. "Zenbait lan aurkeztu genion, baina ez zitzaion gustatu. Berari aukeratzea eskatu diogu". Urtarrilean obra berria lantzen hasiko dira.

Tarima Beltza taldean "mugimendua" egoten ari da. "Sartu-irteeran ematen ari dira". Esaterako, Marta Diegok antzerkia alde batera utziko du, "baina ordezko bezala aritzeko paperak ikasteko prest dago". Zapa berak "beste modu batean" laguntzea nahi du, papertxo txikiren bat egiten. Baina itzulerak ere emanen dira: besteak beste, Natalia Martin, Pili Maldonado eta Jose Luis Liberal konpainiara itzultzeko gogoa azaldu dute.