Isiltasunarekin apurtzen

Guaixe 2021ko aza. 24a, 13:47

Alberto Barandiaran Amillanok 'Gurea falangista zen' liburua aurkeztu zuen.

'Gurea falangista zen' liburua aurkeztu du Alberto Barandiaran Amillano kazetariak Altsasuko Iortia kultur gunean. Kazetaritza ariketa egin du altsasuarrak, familiaren historian bidaiatuz. Egin "behar" zuen liburu da.

"Arduratuta. Baina pozik herrikoen artean. Bada Altsasuri buruzko liburu bat, familiari buruzko liburu bat, baina nik uste ez dela ez familiari ez Altsasuri buruzkoa bakarrik". Alberto Barandiaran Amillanok etxe askotan identifikatu daitekeen liburu bat idatzi duela azaldu zuen asteazkenean, Iortia kultur gunean, ‘Gurea falangista zen’ liburuaren aurkezpenean. Izaskun Etxeberria Zufiaurre irakaslea eta idazlearekin solasaldia egin zuen. Etxeberriak esan bezala, Barandiarenek oro har ez ditu "gai xamurreko liburuak" idazten. Oraingoan familiaren oinarrietara joan da, gerra garaira, eta hausnarketa "ausarta eta sakona" egin du.

Dena Maria Antonia Fernandez de Garaialde herriko emakume batek, "askok ezagutuko duzue", koadernotxo gris bat eman zionean hasi zen. Luis Fernandezena zen, "anai zaharrenarena". Gerrara joan zenean bertan bizi izandakoa eta ikusitakoa kontatzen zuen libreta horretan. "Egin nahi duzuna", esan zion Maria Antoniak. Baina benetan esan nahi ziona "hartu eta idatzi" zen. "Ordura arte entzundakoa zen: ez idatzi, ez galdetu, ni bizi naizen bitartean honi buruz ez idatzi…". Etxe guztietan entzun izan dena dela gaineratu zuen.

Gazte bat
Koadernoan 17 urteko gaztetxo baten gerra egunerokoa agertzen zen. "Egun batean autobusera igo eta herriko beste gizonekin Iruñera eraman zituzten. Ondoren, Villabonara, galdu zirela, eta hurrengo egun batean Ondarroara. Bertan bizi zuten lehenengo bonbardaketa, hiru astera. Zazpi hilabetetan hil zen, Lemoan. Ideologia politikoaz ez da ezer agertzen koadernoan. "Niretzako galdera garrantzitsu bat zen jakitea nola 17 urteko gazte batek erabakitzen duen gerrara joatea. Berak erabaki zuen gerrara joatea, falangean, eta bera ez zen ideologia horretakoa". Ez behintzat Altsasun egon zen bitartean, beste koaderno batean EAJkoa zela ikusi baitzuen Barandiaranek.

Iturriak kontsultatzen hasi zen eta "pista batzuk" eman zizkioten, baina Jimeno Jurioren Navarra 1936: De la esperanza del terror "iturri ezinbestekoa" izan zen ere. "Altsasu ongi ezagutzen zuen. Institutuan lanean aritu zen eta elkarrizketa asko jaso zituen. Fitxa batzuetan bilduta zegoen, eta fitxa horiek lortu nituen". Oinarrizkoak izan dira liburua idazteko. Ricardo Urrizolaren dokumentuak lortu zituen ere. "Izen eta lekukotasun asko agertzen dira ere". Hasieran ez zuen oso argi zer egingo zuen: "Luis Fernandezen istorioa izan behar zuen". Baina geroz eta informazio gehiago lortzen zuen, eta orduan, liburua "beste norabide bat hartzen" joan zen.

Zentsoa
Luis Fernandezen ibilbidea jarraitzen ari zela eta informazio bila ari zela, Urdiainen falangearen errolda militar masiboaren zentsoak aurkitu zituen. Denbora luzez aritu zen fitxa horien atzean, eta azkenean lortu zituen. "Urdiain osoa zegoen fitxatuta, izen abizenak, zenbat ordaintzen zuten… berehala ikusten da ez zela borondatezko gauza bat". Egun batean herri osoa fitxatu zuten. "Ez da hain ezohikoa. Nafarroako zenbait herritan horrelako fitxatze masiboak egin ziren. Zerbait behartua izan zen". Baina Urdiaingoak interesgarriak dira kontserbatu direlako.

"Interesgarria da retaguardan zer gertatu zen erakusten dutelako". Frontean gertatu zena oso dokumentatuta eta ikertuta dagoela esan du idazleak, "baina herri askotan kontatu gabe dago gazteak gerrara joan zirenean nola bizi izan zuen jendeak gerra". Urdiaingo fitxek eta Altsasuko institutuko lan horiek pista bat ematen dute "ulertzeko hemen ere gerra egon zela. Nahiz eta tiroak ez entzun, gerra isila egon zen, oso sutila, errepresio handikoa". Emakumeak okerrago pasa zutela azaldu du Barandiaranek. "Gerra erabili zen errepresioa, errepresio soziala, kontrola eta abar areagotzeko".

Aitona
"Guk familiarekin hitz egiten beti izan dugu kontzientzia aitona Francoren aldekoa zela. Falangekoa zela gerora jakin genuen, baina ez zen sorpresa izan". Libururako ikertzen jarraitzen zuela, Luis Fernandezen istorioa osatu nahian, Pablo Amillanoren izena agertu zen. "Familia bazkari batean, Bilbon, komentatu nien familiaren inguruko liburu bat idatzi nahi nuela, eta bertan Luisen anaiak esaldi bat esan zuen: nire anaia gerrara joan zen eta bertan hil zen, hori egia da, baina badira herrian gelditu zirenak, eta batzuk pistolarekin joaten ziren; adibidez, Pablo Amillano". Momentuan Barandiaranek ez zion erantzun. "Harritu zidan zure aitona ez esatea".

Orduan konturatu zen liburua urte luzez zeramala bere buruan. "Amak Irunen liburu denda bat zuen Erkuden deitzen zena, eta historia ikasten ari nintzenean, liburu azoketara joaten ginen". Haietako batean Jimeno Jurioaren liburua aurkitu zuten, eta Altsasuri buruz hitz egiten zuen zatira joan ziren. "Amak zerrendan begiratzeko esan zidan, eta Pablo Arellano agertzen zen". Ama "disgustatu" zela esan du Barandiaranek. "Bera bizirik zegoen bitartean honi buruz ez hitz egiteko eskatu zidan. Familiakoa ez ikertzeko".

Ikertzen jarraitu zuen eta Jurioaren dokumentazioan bere aitonaren izena gehiagotan agertzen zela ikusi zuen. "Baina dena norbaitek esan ziola, besteak kontatu ziola eta abar ziren". Baina ez zegoen ezer ofizialik. Liburuak oraindik Luis Fernandezen istorioa kontatzen zuen

Aldaketa
"Momentu batean norbaitek esan zidan pixka bat ezkutatzen ari nintzela. Beste pertsonaia bat zegoela, eta kontuan izan behar nuela". Orduan, konturatu zen bigarren pertsonaia hori bazela, eta artxiboetan gehiago sartu zen; hor ikusi zuen aitona epaiketa batzuetan agertzen zela, herriko jendearen kontrako epaiketetan lekukotza ematen. "Horrek liburu osoa aldatu zuen, ikuspuntua aldatzea ekarri zuen". Lokatzan sartu zen, "objektibotasunez gauza bat kontatu nahi nuen, kanpotik, eta horrek guztiz sartzera ekarri zuen".

Istorioa kontatzera behartuta ikusi zuen bere burua. "Ni ez naiz nire aitona egin zuenaren jabe, ez nengoelako bertan eta ez dakidalako zergatik egin zuen egin zuena, baina bai naiz kontatzearen arduraduna". Alde batetik, kazetari bezala argi zuelako. "Hau kontatu behar nuela konbentzimendua dut". Zaila izango zela bazekien, "gauza bat da dolua modu pribatuan eramatea eta beste bat publikoan". Beste arrazoi garrantzitsuago bat bazegoen: familian baziren errepresioa bizi izan zutenak ere. Beraiengatik ere istorioa hau kontatu behar zuen.

Isiltasunarekin amaitzeko modu bat bada ere liburua. Ikaragarria iruditzen zaio isiltasunak nola irauten duen, "zein indartsua den". Bizi izan zutena "zein gogorra izan zen erakusten du".