Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Erabiltzailearen aurpegia June Bengoetxea, Maialen Begiristain eta Haizea Ramirez de Alda (EHE Altsasu) 2021ko aza. 29a, 10:48

Ikusgarria da azken mende erdian euskararen alde euskaldunok egin dugun lana. Zenbatezinak dira urte hauetan euskaraz bizitzeko herriz herri egin ditugun ekimenak eta sortu ditugun egitasmoak. Horri guztiari esker euskara galzoriaren ertzetik urruntzea lortu dugu, eta harro egoteko modukoa den herri ahalegina izan da.

Asko egin eta lortu dugu zalantzarik gabe, baina ez da nahikoa. Euskararen patua amildegitik urrundu dugu, baina ezin esan etorkizuna ziurtatua duenik. Ez etorkizuna ezta orainaldia ere, egun ezin baikara euskaraz normaltasunez bizi. Gure haur askok ez dute euskara maila nahikoa lortzen, eta lortzen dutenen kasuan erdaraz hitz egiteko joera nagusi da, ingurune linguistikoak horretara bideratzen baititu. Udalera jotzen dugunean, edo medikuarengana, edo beste zerbitzu publikoetara, langile euskalduna topatzea mirari bat izaten da askotan. Lan munduan zer esanik ez, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Gure bizitzetan gero eta eragin handiago duten teknologia berrietan ere sinbolikoa da. Hori gutxi ez eta euskararen eta euskaldunon aurkako espainiar eta frantziar estatuen ekinbideak ez du etenik, azken egunetako adierazpen eta epaiek adierazten diguten bezala.

Urteotan euskararen alde egindako lan guztia bururaino eraman eta euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko burujabetza behar dugu ezinbestean. Soilik euskaldunoi dagokigu erabakitzea zein nolako hizkuntza politika aplikatu behar den gure herrian. Burujabetzarik gabe kanpoan erabaki eta ezartzen digute euskararen hedapena noraino eta nolakoa den, eta gure eskumenak erabaki horiek mugatuak dira, mendekotasun egoeran.

Ondorioz, duela 40 urte gure herrian ezagutu genuen euskararen aldeko susperraldi berri baten beharra dugu. Pertsona eta talde euskaltzaleak berriz ere aktibatu eta kalera ateratzeko unea dugu. 

Euskal Herrian Euskarazek kalera ateratzeko deialdia luzatzen dizu beraz, euskaltzale lagun hori. Gure eskubideen defentsan eta Euskararen Errepublikaren alde, abenduaren 6an Durangon deitu dugun manifestaziora gonbidatzen zaitugu. Euskaraz bizitzeko, kalera!