Haurra zenetik oso argi zeukan: dantzari izan nahi zuen. Baina Altsasun euskal dantza ez ezik, beste estiloetan trebatzeko aukera gutxi zeuden eta gaztetik Iruñera joan behar izan zuen balletaren munduan sartzeko. Madrilera joan zen goi mailako ikasketak egiteko. Bertan dantza ikasten eta dantzari bezala bost urtez egon ondoren, herrira itzultzeko momentua iritsi zen. Bere ametsa gertuago zegoen. 2015eko azaroaren 21ean Irantzu Gonzalez Dantza Eskola mustu zuen Altsasun. Aurreko urtean bosgarren urteurrena izan zen, zenbaki borobila, ospatu beharrekoa. Baina pandemia egoeragatik ezin izan zuen nahi bezala ospatu, eta aurten, azaroaren 21an, igandea, 5+1. Eskerrik asko! emanaldi erraldoia egin zuen Burunda frontoian eskola osatzen duten pertsona guztiekin. Baita dantzari gonbidatuekin ere.
Nola hasi zinen?
Madrilen egon ondoren herrira itzultzeko gogoak nituen, eta kiroldegian dantza klaseak ematen hasi nintzen. Nire ametsa zen dantza klasikoko, garaikideko eta modernoko espazio bat sortzea lehenengo dantzari urteetan hirira joan behar ez izateko. Sei urte ondoren, atzera begiratuta, gertatzen ari dela ikusten dut. Hemen dantzariek lehenengo urratsak ematen dituzte, eta gero profesionalera joan daitezke, dagoeneko bik egin duten moduan, eta eskolan dantzatzen jarraitu dezakete. Orientazioa eskaintzen diegu ere.
Zer onura ditu dantzak?
Dantza eskolan izena ematen dutenean dantzako lehenengo urrats horietan lagundu nahi dugu, dantzari bezala formatzea gustatzen zait, etorkizun profesionala izan nahi edo ez. Gorputza ezagutzearen onuragatik. Dantzaren bitartez gorputzarekiko ezagutza handia lortzen duzu, dantzarekin gorputz osoa mugitzen duzulako. Ez bakarrik fisikoki, baita emozionalki ere. Dantzak emozioak mugitzen ditu. Baita zonalde ilunenak azaleratzen ditu ere; frustrazioa ez delako ateratzen eta gehiago entseatu behar duzulako… Onurak asko dira. Arlo sozialerako ere oso ona da, integrazioa, beldurrak kentzeko, publikoaren aurrean aritzen ikasteko, autoestimoa igotzeko eta abar. Pixkanaka lorpenak egiten dituzu eta ahal duzula ikusten duzu. Dantza bizitzeko modu bat da.
Zein izan da eskolaren ibilbidea?
Oraindik kiroldegian geundenean jaialdi baten ondoren lagun batek esan zidan: “Ez dakit zertara ari zaren itxoiten eskola irekitzeko!”. Urratsez urrats joan naiz. Beldur asko sortzen dira. Beti aurrera egiten dut, baina ezinezkoa da beldurra ez agertzea. Proiektuarekin hasi nintzen, atzera botatzen zuten, berriz aurkeztu, atzera bota, joan eta etorri asko… Eskola hasi zenean 70 bat ikasle hasi ziren eta pixkanaka handitzen joan da. Bigarren urtean obra egin behar izan genuen bigarren areto bat egiteko.
Horrela izatea espero zenuen?
Badakizu dantza gustuko dela denok disfrutatzen dugulako mugitzen. Baina hain arrakasta handia… ez nuen espero. Orain ikasle pila bat gaude. Pandemiaren aurretik pila bat geundean, eta pandemiaren ondoren pixka bat jaitsi da.
Nola eragin dizue pandemiak?
Jende guztiarendako bezala gogorra izan zen. Momentua bizitzera erakutsi digu. Egun batetik bestera dena aldatzen zen eta egokitzera ikasi dugu: edukierak, talde handia banatu, bi egun etortzen zirenak bitan banatu eta egun bakarra etorri, irakasleak FPP2 maskarekin arratsalde osoa dantzatzen… Zorionak beraiei ez dugulako etsi. Klaseak emateko eta gu babesteko modu bakarra zen, eta aurrera. Pandemia ongi etorri zaigu eskola berrantolatzeko. Reset egiteko. Nola funtzionatzen ari ginen orain arte eta nola nahi dugun funtzionatu pentsatzeko. Gauza berriak pentsatzeko ere; artisten bizitzan etengabe ari gara sortzen. Behar dugu.
Zer estilo eskaintzen ditu eskolak?
3 edo 4 urterekin hasten direnean pre-balletekin hasten dira. Jokoaren bidez dantzan hastea. Lehen Hezkuntzan hasten direnean dantza modernoarekin hasten dira, gure eskolaren oinarria dena. Sei urterekin haste zara modernoan eta 18 urterekin bukatzen duzu, nahi baduzu. Bertan dantza klasikoaren eta garaikidearen oinarriak sartzen dira. Gero dantza urbanoa dago, hip hop, funky eta abar. Hogei bat talde daude.
Zu bakarrik hasi zinen, eta orain talde bat zarete.
Ni bakarrik hasi nintzen eta gero idazkaritzan Izaskun sartu zen. Lehenengo urtearen amaieran Leire sartu zen laguntzaile bezala. Gero Igone, Nerea, Eneritz, Saioa, Irati sartu ziren. Orain kontratatuta Nerea, Igone, Irati eta Leire daude, eta Maitane idazkaritzan. Jeni, urbanoko irakaslea, autonomoa da.
Urteurren festa erraldoia ospatu duzue. Nola sortu zen ideia?
"Ilusio handia egiten zidan ikasle guztiak elkartu festa erraldoi batean"
Ideia aspaldi zegoen. Urteak betetzen joaten ginen heinean bosgarren urteurrenean zerbait oso handia eginen genuela esaten genuen. Bosgarren urteurrena iritsi zen, eta larunbata zen. Perfektua zen. Baina aurreko urtean garai horretan koronabirusak gogor jotzen zuen, eta oso polita gelditu zen zerbait egin genuen online.. Orduan, bost gehi bat ospatzea erabaki genuen. Niri ilusio handia egiten zidan ikasle guztiak elkartu festa handi bat ospatzeko. Denen arteko zerbait oparitzea, eta ikus zezaten besteek egiten duten lana. Izan ere, jaialdiak egiten ditugunean kamerinoan geratzen dira, eta jaialdia bideoz ikusten dute. Eskolaz kanpoko dantzariak egon ziren ere: Saioa eta Angela Dantzertitik, Paula, Sauco Madriletik… Bosgarren urteurrena ospatzea niretako oso garrantzitsua zen. Zaila da enpresa bat martxan jartzea: proiektua egin, aurrera eraman, jendeak izena ematea… Aurrera atera dela ospatzeko modua zen.
Zer moduz joan zen?
Oso polita izan zen. Izugarria. Hobetzeko gauzak badira, eta balantzea egin behar dugu. Baina talde osoa izugarria izan zelakoa gelditu ginen. Gehien harritu ninduena da zeinen ongi portatu ziren dantzari guztiak. Frontoiko atetik sartu zirenetik atera ziren arte maskararekin egon ziren. Haur asko ziren, baita oso txikiak ere. Denak oso pozik zeuden.
Dantzarekiko duzun harremana aldatu da?
Dantza nire erlijioa da. Nire egunerokotasuna eta nire guztia da. Harremana hobetu da. Dantza erakutsi ahal izatea eta ikustea nola dantzatzen duten eta dantzak zer eskaintzen dien… badira txikien talde batzuk ordu gehiago eskatzen dizkidatenak. Ez dute joan nahi. Dantza guk bezala bizitzen dute. Hori oso polita da.
Zer suposatzen du bi ikaslek profesionalak izan nahi izatea? Zerikusia izan duzu?
Pentsatu nahi dut baietz. Eskolan objektiboak betetzen ari direla ikusten duzu, eta laguntzeko aukera duzu. Dantza maite dutela ikustea eta probetan duten emozioa sentitzea oso polita da. Bai Saioarekin Dantzertiko probetan bai Paularekin aholkuak ematen. Ezin da deskribatu. Baina ilusio berdina ematen dit profesional izan nahi ez dutenak eta hemen dantzatzen gelditzen direnak. Ikasketa edo profesionalki beste ibilbide bat hartzen dutenak, eta dantza egiten jarraitzen dutenak. Nahiz eta profesionalak ez izan, dantzak bere bizitzen parte izaten jarraitzen dute. Hori ere oso polita da. Kontuan izan behar da gorputzak eta dantzak adin tarte bat duela. Saucok aurrekoan esaten zuen orain unibertsitatera joan nahi duela. Baina orain arte bizitza dantzari eskaini dio.
Eskolaren une politak?
“Eskolara familia bailitzan etortzen dira; dantza guk bezala bizi dute”
Gelako emozioak ikustea, denbora gehiago geratu nahi izatea, etortzen direnean besarkada handi bat ematen dizutenean, talde giroa ikustea, elkarren artean laguntzen dutela ikustea, irakasleekin duten komunikazioa, eskolara familia bat balitz bezala etortzea… Entsegu ordu asko pasatzen dituzte hemen, haien bigarren etxea bezalakoa da.
Eta txarrak?
Batzuetan erabakiak hartu behar dituzu, oso ados ez zaudenak, baina hartu beharrekoak.
Eskola Lakuntzara eta Beasainera iritsi da.
Urratsez urrats joatea gustatzen zait. Nire ondoan talde bat badaukat eta konfiantza ematen badit, zabaltzeko konfiantza ematen dit. Lakuntzan eta Beasainen zonaldeko arduradun bat dago.
Etorkizunerako?
Galaren ondoren ikasturtearen dinamikarekin eta programazioarekin jarraituko dugu; klaseak eta teknikak. Proiektu berriak prestatzen hasiko gara ere: Dantzaren eguna, lehiaketak…