Atletismoa

Candi Arnanz Garcia gogoan Barricarte Oroimenezkoan

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 7a, 12:00

2019an Candi Arnanzek, Gregorio Riezuk eta Victorino Lopez de Goikoetxeak jasotako omenaldia.

Abenduaren 8an 11:30ean abiatuko da Zubeztia elkarteak antolatutako XL. Oinezko Lasterketa eta proba hasi baino lehen lasterketako sortzaileetako bat, Candi Arnanz Garcia, omenduko du antolakuntzak

Iazko etenaldiaren ondoren, bueltan da Zubeztia elkarteak antolatutako Oinezko Lasterketa-Alberto Barricarte Oroimenezkoa. Aurten Oinezko Lasterketaren 40. edizioa izango da jokatuko dena, zenbaki borobila, aldi berean 37. Alberto Barricarte Oroimenezkoa izanen dena. Ohi bezala, abenduaren 8an, izanen da, Ama Birjina Sortzez Garbiaren egunean. 

Zubeztiako lasterketa beteranoa urte bukaeran jokatuko diren San Silvestreak prestatzeko lasterketa aproposa da, proba herrikoia, sakandarren artean proba kuttuna. 10 kilometroko lasterketa da, Altsasuko herri gunean prestatutako zirkuituari lau itzuli emanez jokatzen dena. Zubeztia elkarte paretik abiatuko da, udaletxe parean, eta 18 urtez gorako gizonezkoek eta emakumezkoek hartu ahal izango dute parte. Izena ematea zabalik dago Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren webgunean (3 euro). Egunean bertan 10:00etatik 11:30era Gure Etxean izena ematen dutenek, aldiz, 5 euro ordaindu beharko dituzte. 

2019an, azken edizioan, 166 korrikalarik hartu zuten parte Zubeztia elkarteko lasterketan eta azkarrenak Angonio Etxeberria (31:52) eta Izaskun Beunza (37:42) izan ziren. 

Candi Arnanzek urtero ematen zion hasiera Zubeztiako probari. Aurten omenduko dute

Candi Arnanz sortzailea gogoan
Lasterketa honen sortzaileetako bat berriki zendutako Candi Arnanz Garcia zen. Gaztetan korrikalari fina izan zen Arnanz, eta zendu arte Altsasun atletismoa sustatzeko makina bat lan egin izan zuen. Candi Arnanz izan zen Barricarte Memorialaren sortzaileetako bat eta urte luzez antolakuntzan buru belarri aritutakoa. Berak ematen zion probari irteera. Hain zuzen ere, lasterketako azkeneko edizioan, 2019. urtean, omenaldia jaso zuen Arnanzek, Victorino Lopez de Goikoetxearekin eta Gregorio Riezurekin batera. 

Candi Arnanzek berak 2019ko omenaldian azaldu zuenez, orduko Zubeztiako juntari lasterketa antolatzearen ideia proposatu zion –Agustin Aizpurua zen presidentea–, eta ongi iruditu zitzaien. Horrela, 1980. urtean egin zen lehendabiziko lasterketa. Alberto Barricarte izan zen beste antolatzaileetako bat, Olaztin auto istripuz zendu zena, eta horregatik duela 37 urtetik Alberto Barricarte Memoriala izena hartu zuen probak.

Zubeztia elkarteak urte luzez probaren antolakuntzan ibilitako Candi Arnanz gogoan izango du, eta 11:30ean, lasterketa hasi baino lehen, omenaldia xumea egingo diote elkartekide eta atletismo sustatzaile izandakoari.