Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko Taldea ez da gelditzen. Klubak hiru talde ditu: gimnasia erritmikoko eskola, Nafarroako Kirol Jokoen taldea eta txapelketako taldea. Gimnasia erritmikoko eskolan 39 gaztetxok eman dute izena eta irail bukaeran hasi zuten trebakuntza denboraldia. Nafarroako Kirol Jokoen taldean 20 gimnasta daude eta 2022ko martxoan hasiko diren Nafarroako Txapelketak prestatzen ari dira, eta txapelketako taldeak –zazpi gimnasta daude– beste martxa bat du. Urritik hasita astebururo lehiaketak izan dituzte eta aurreko astean Valladoliden jokatutako Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan parte hartu zuten.
“Taldea gora doa, poliki-poliki. Datuak positiboak dira, ea horrela jarraitzen dugun. Dena den, beraiek pozik egonda, guretako nahikoa” azaldu du Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko monitore Olaia Agirrek. Berarekin batera Maria Remolinak jarraitzen du irakasle lanetan eta aurten Miriam Martin gehitu zaie, ikasle ohia. Bakoitzak talde baten ardura du eta beharrezkoa denean gainontzeko monitoreen babesa du.
Espainiako Txapelketa
Valladolidetik etorri berria da Agirre, Iskizako txapelketako taldea Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan aritzeaz. Jubenil mailan lehiatu ziren, Banakako Txapelketan eta Taldekako Txapelketan. Banakako Txapelketan Eider Goikoetxea arbizuarra izan zen Iskizako ordezkaria, eta taldekakoan hurrengo seikotea aritu zen: Ane Iturrioz, Amaia Marin, Naroa Diaz, Bea De Sousa, Irune Etxaniz eta Nagore Erdozia. “Espainiako Txapelketan ondo aritu dira eta pozik egotekoa da. Baina ordura arte sekulako denboraldia egin zuten, Espainiako Txapelketan borobildu nahi zutena, baina akats txiki batzuk egin zituzten eta hasieran pena horrekin geratu ziren” aipatu du Agirrek.
Urritik hasita astebururo txapelketaren batean parte hartu du Iskizako txapelketa taldeak. “Donostian parte hartu genuen, Gasteizen egon ginen, baita Barakaldoko BEC-en ere. Nafarroan pare bat txapelketa egin genituen eta Gernikan ere izan ginen. Gelditu gabe egon gara, eta sekulako emaitzak izan ditu taldeak. Eider Goikoetxeak Banakako Nafarroako Txapelketa irabazi zuen, Iskiza taldea Nafarroako Taldekako Txapelketan onena izan zen, Gasteizen Iskiza lehena sailkatu zen taldeka, Espainia mailako torneorik garrantzitsuenean, Euskal Gym-en, 50 talderen artean Iskiza hamaikagarren sailkatu zen… denboraldi bikaina egin dugu. Horregatik Espainiako Txapelketan denboraldia borobildu eta primeran bukatu nahi zuten, eta ez zen gaizki joan, baina akats txiki horien pena izan dute” gaineratu du Agirrek.
Nafarroako txapeldun gisa iritsi zen Iskiza Valladoliden jokatutako Espainiako Txapelketara, junior mailan. Eider Goikoetxeak Banakakoan zintarekin egin behar izan zuen lana. Zintak badu bere zailtasuna, besteak beste, zintak ezin baitu lurra ukitu. “78 gimnasten artean 52. sailkatu zen Eider. Ez dago batere gaizki. Hainbeste ordu sartuta nahi duzuna da guztia bikain ateratzea, eta une horretan akats horrekin geratu zen, baina jada ahaztua dago. Beste kirol batzuetan buelta emateko aukera dago, baina gurean ez. Minutu eta erdiko ariketa da, eta tarte horretan egindako lan guztia erakutsi beharko duzu. Ez dago atzera bueltatzerik. Orduan, nerbioak kontrolatzea zaila izaten da. Baina Eiderrek bere lana erakutsi zuen, eta nahiz eta akats bat izan, ariketa ondo atera zen eta pozik gaude” azaldu du Agirrek.
Espainiako Taldekako Txapelketan 114 taldeetatik 49. sailkatu zen Iskiza. Hiru uztai eta bi soka erabili behar zituzten, konbinazio nahiko berezia. “Oso ongi ibili ziren. Bi akats txiki egin zituzten, baina, bestela primeran” gaineratu du entrenatzaileak, balorazioa “oso ona” dela nabarmenduz. “Agian momentuan beste gauza bat espero genuen, ez klasifikazioari begira, sentsazioei begira baizik, baina horri buelta eman diogu jada” dio, irribarrez.
Trantsizio urtea
Izan ere, erronka berezia dute orain Iskiza taldekoek. “Olinpiar Jokoen ondoren gimnasia erritmikoan araudi berria sartzen da indarrean, eta 2022 urtetik aurrera txapelketa guztietan arau berriak jarraituz lehiatu beharko dugu. Orain arte, esaterako, aparatuari garrantzia handia ematen zioten eta aparatuaren azpitik egiten ziren txilinbuelta horiei guztiei. Ariketek nolabaiteko arriskua zuten. Baina orain horri muga jarri zaio eta garrantzi handia emango zaio alde artistikoari, musika interpretatzeari, orain arte eman ez zaiona. Hortaz, gure lehenengo erronka arau horiek ulertzea eta tapiz gainera eramatea da, ilbeltzetik aurrera irizpide horiekin hasiko baikara lehiatzen. Hasieran zaila egingo zaigu, baina poliki-poliki joango gara erritmoa hartzen. Trantsizio urtea da honakoa, eta gogotsu gaude” nabarmendu du.
Nafarroako Kirol Jokoetako taldean 2022ko Nafarroako Txapelketak prestatzen ari dira, irizpide berriekin. Martxoan hasi ohi dira, eta apirilean bukatu. Iaz ongi bukatu zuten urtea. Nafarroan gimnasia erritmikoan 3. eta 4. mailak daude, eta Banakako Txapelketan lehiatu ziren Iskizakoak, 4. mailan, eta batzuk 3. mailara igotzea lortu zuten. Taldeka, aldiz, ez ziren lehiatu, eta 2022an Iskizako talde guztiak 4. mailan ariko dira. “Ea zer moduz gabiltzan. Gimnastak oso gogotsu daude” aitortu du Agirrek.
Gabonetako erakustaldia zehaztu gabe
Iskiza Sakanak oraindik ez du erabaki aurten Eguberrietako erakustaldia egingo duen ala ez. Pandemiaren bilakaeraren arabera hartuko da erabakia. “Egiteaz, abenduaren 18an litzateke, Olaztiko Erburua kiroldegian, baina ez dugu erabakirik hartu, azken unera arte itxarongo dugu. Nahi duguna da erakustaldian gimnasta guztiak egotea. Guztiek egin dute lan, eta ez dugu nahi inor kanpoan geratzea konfinatuta dagoelako. Erakustaldia ilbeltzera edo beranduago atzeratu behar bada, hala egingo dugu. Ez zaigu axola” azaldu du.