Errepresioaren kontrako Ospa! mugimenduak ostiralean, 19:00ean, kontzentrazioa deitu du udaletxe parean. Deialdi horrekin mugimenduko kideek salatu nahi dute kartelak jartzeagatik isunak jaso dituztela hainbat altsasuarrek. Mugimenduak jakinarazi dutenez, Altsasuko Udalak eta Guardia Civilak jarri ditu isun horiek, 1.800 euroko balioa dutenak.
Altsasuko Udalak argitu duenez, “udalak, legez, edozein polizia kidegok udalerrian jartzen dituen salaketa guztiak izapidetu behar ditu, Gobernuaren Ordezkaritzak izapidetzen dituenak izan ezik, hau da, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa edo 'mozal Legea' aplikatuz jartzen direnak”. Udalak jakinarazi duenez, “hiru kasutan polizia-kidego baten salaketak daude, eta salatzaileak dio kartel horiek ezin direla jarri udalaren aldez aurreko baimenik ez dutelako”. Salatzaileek horretarako, Lurralde Antolamendu eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen atalari egiten dio erreferentzia, zeinetan aipatzen baita udalaren nahitaezko baimena dagoela publizitate kartelak jartzeko. Udalaren ustez “hiru salaketen lege argudiatzea ez da zuzena. Horregatik, hasitako hiru zehapen espedienteak artxibatu egin dira dagozkien ebazpenen bidez, eta horietan azaltzen da artxibatzea erabakitzeko arrazoiketa”.