Laugarren urtez jarraian, gazteek Intxostiapunta gazte gunearen hurrengo urteko plangintzari proposamenak aurkezteko aukera izanen dute. Blanki Torres gazteria teknikariak azaldu duenez, “ezinbestekoa da gazteek plangintza osatzeko prozesua parte hartzailea izatea, horrela gazteen ikuspuntu, ardura, behar, kezka, interes, eta abarrak gertutik ezagutzeko aukera dugulako”. Ezagutza horrek plangintza erakargarriagoa egiteko aukera ematen die.
Horregatik, Torresek gazte altsasuarrak Intxostiapuntaren heldu den urteko plangintzarako proposamenak egitera gonbidatu ditu. Teknikariak azaldu duenez, “genero ikuspegian oinarrituta dagoen prozesu bat izanen da. Hori dela eta, neskek eta mutilek eginen dituzten proposamenak agerian jartzeaz aparte, atal desberdinetan sartuko ditugu, bi sexuen abiapuntuak eta behar zehatzak zein diren azaleratzeko. Horrela, ikuspegi inklusiboa, askotarikoa eta erreala lortu dugu, batzuek zein besteek egindako proposamenak jasoko dituen jarduketa plana diseinatzeko”.
Dagoeneko parte hartze prozesuari ekin diote. Lehenik nerabeengana gerturatu dira. Parte hartze prozesuaren berri emanez, gazteak iradokizunak eta proposamenak egitera gonbidatu dituzte. Aipatutako e-postez eta telefonoez aparte, ekarpenak honako foroetan ere egin daitezke: sare sozialak, Gazte Txokoko asanbladetan edo ikastetxeetan jarritako kutxen bidez.
Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak sustatu du parte hartze prozesu hori. Bertan daude udaleko gazteria batzordea, gazteria teknikaria eta Gazte Txokoko begiraleak. Eta, haiekin batera, Intxostiapuntak ikastetxeetan dituen berriemaileak daude. Guztiak proposamenak jasotzeko gogoz daude.